Marcos Garcia Diez. EHUko Historiaurreko doktorea

«Agian, neanderthalak 'sapiens'-ak bezain 'sapiens' ziren kultura aldetik»

xabier martin
Donostia
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Historiaurreari buruzko errendimendu altuko ikerketa taldeko kide da Marcos Garcia Diez EHUko irakaslea. Homo neanderthalensis-ak mundu sinbolikoan jarduteko gaitasuna zuela ez du ukatzen. «Haien apaingarriak eta lepokoak aurkitu dira», dio. Sciencie-n argitaratutako ikerketak «inoiz baino gehiago» zabalduko du Neanderthalgo gizakiaren gaitasun sinbolikoaren eztabaida.

Uranio/torio desintegrazio teknika eginez gero,Kantabrian eta Asturiasen egin bezala, Euskal Herrian ere datazio zaharragoak lor daitezke?

Arenazan (Galdames) eta Venta Laperran (Karrantza) agian bai, baina Ekainen, Altxerrin eta Santimamiñen ez dut uste; horko margoak berriagoak dira, baita itxuraz ere.

Baliatu duzuen metodoa Frantzian eginez gero, datazioak atzeratuko lirateke han ere?

Beharbada, baina horrek guk zabaldu dugun teoria besterik ez luke indartuko.

Zein da teoria hori?

Homo neanderthalensis-aren gaitasun sinbolikoa ukatzen ez duena. 40.800 urteko datazioa egin dugu; bi espezieen arteko trantsizioa ordukoa da, 41.000 urtekoa. Zergatik ez zuen margotu Neanderthalgo gizakiak, lepokoak egiteko gai izan zela frogaturik bada? Beharbada, neanderthalak kultura aldetik sapiens-ak bezain sapiens izan ziren, hitz hori guretzat gorde dugun arren. Biologikoki neanderthalak ziren, baina kulturan?

Homo sapiens etorri berriek margotuko zituzten beharbada...

Agian, bai; baina, Homo sapiens antzinakoenen arrastoak Europan, Errumanian daude, eta 38.500 urte dituzte; arrasto genetikoak, ez beste objektuak. Zer pentsatu behar dugu?

El Castilloko 40.800 urteko irudia Homo neanderthalensis batek margotuko zuela esaten ari zara?

Seguruenera, bai, une horretan espezie nagusia Neanderthalgo gizakia izango zelako, nahiz eta bere gailurrean ez egon.

Baieztapen horrek hautsak harrotuko ditu.

Badakit; Homo neanderthalensis espeziearen eztabaida indartu eta aberastuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.