Clara Campoamorren bizitzari buruz hiruzpalau gauza baino ez nekizkien asteazkenera arte. Helburua ez zen hori aldatzea. Hedabideen bidez jakin nuen Clara Campoamor, la mujer olvidada izeneko filma emango zuela La1 kateak. Albisteak argi zioen Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira prestatutako emanaldia zela. Horregatik eman zidan arreta.
Hasieran, gustura izan nintzen filmari begira. Ikastolan ikasitakoak urrun, testuinguru hura berritzeko balio izan zidan emanaldiaren erdialdera arte. Une hartan iritsi zen ikuspegia zorroztarazi zidan galdera. Pertsonaietako batek, kazetariak, hala galdetu zion Clara Campoamorri, afaritan: «Inoiz pentsatzen duzu politika ez den zerbaitetan?». Akaso, galdera bien arteko begirada konplizeetara muga zitekeen, erakarpen posible batera, aurrerago garatuko zitekeen maitasun istoriora. Nik bestela hartu nuen. Ohartu bainintzen,galdera horren muina filmaren gabezietako bat zela. Haren bizimodua, barne mundua, falta zen ordu eta erdiko lanean. 30eko hamarkadan, Konstituzio espainiarrean emakumeen berdintasuna islatzea eta haien bozka eskubidea txertatzea lortu zuena zerk mugitzen zuen ulertzeko gakoak falta zitzaizkidan, hain zuzen. Ideologia, justizia, printzipioak eta bestelako hitz potoloak maiz entzun nituen. Partekatu eta ulertzen ditut. Halako borrokak, ordea, eguneroko bizimoduak pizten ditu. Xehetasun txikiek mantentzen dituzte piztuta ideologiaren, justiziaren eta printzipioen barne txingarrak. Arrastoa uzten duten gertakariek, bizipen mingarriek, ia azaldu ezinezko gogobetetasunek. Gainontzean, planfletoa dirudi kontakizunak. Borroka gogorra eta gordina erraza eta erosoa bilakatzen du. Eta, Clara Campoamorri buruzko hiruzpalau gauza baino ezagutu ez arren, guda hori bestelakoa izango zelakoan nago.
Ziur asko, filmaren atzean dagoen lantaldea mezu horretatik urrun zegoen. Agian susmoa besterik ez da. Susmoak, baina, asteartean zutabe honetan bertan idatzitakora hurbiltzen nau. Itxura bai, itxura erabat aldatu zaiola gizarte osoaren ikuspegiari. Paperean lortu da berdintasuna. A priori, aukera berdintasuna bermatzen duen gizartean bizi gara. Praktika, ordea, ez dago teoriari hain lotua. Eta, agian, parlamentari madrildarraren lana hain era soilean azaldu izanak iradoki dezake egin beharrekoak eginda daudela.
Komunikazioa. Ekografiak
Agian...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu