Agur Iranen inguruko topikoei

Mila Gallastegi eta Asier Arantzabal bidaiariek herrialde horretara eginiko bidaia kontatuko dute Aiaran

Mila Gallastegi, erdian, Irango bi emakume gazterekin, Isfahango plazan, Iranen. ASIER ARANTZABAL.
Erredakzioa
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Iran, topikoen aurkako bidaiairudien bidez lagunduriko hitzaldia emango dute Mila Gallastegi eta Asier Arantzabal bidaiariek gaur, Aiaran (Araba). Komunikabideek Ekialde Hurbileko herrialdeaz ematen duten irudia egiazkoa ote zen bertatik bertara ikustea erabaki zuen bikoteak, eta bidaia agentziek eskaintzen dituzten planez haragoko esplorazioa egin zuten, errealitatearen bila.

«Irango emakumeek zapia eraman behar dute, baina unibertsitatean ikasiak dira», dio Gallastegik. Badu Iran zerekin konparatu. Izan ere, azken urteotan Mongolian, Etiopian, Nepalen, Indonesian eta beste hainbat lekutan ibili baita, gero Euskal Herrian kontatzeko.

Komunikabideetan, Iran jorratzeko orduan, islama eta muturreko politika, beloa eta egitasmo nuklearra dira gai kutunak. Iranera joanda, ordea, herrialdea bisitatzeko arrazoi nagusia hango jende «abegikor eta hezia» dela ikusi zuten.

Gallastegik eta Aranzabalek azalduko dutenez, Iran ez da garatu gabeko herrialde bat: «Emakumeek ilea estali behar dute kalean, baina, Marokon ez bezala, unibertsitatera joateko aukera izan dute, eta ez dute mugarik nahi dutena egiteko, mendira joateko edo lagunekin irteteko».

HITZALDI-DIAPORAMA

Noiz. Gaur, 19:30etik aurrera.

Non. Arespalditzako udaletxean, Aiaran (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.