Agurrak ez dira errazak izaten

Milaka lagun bildu dira bart gauean Iruñeko Udaletxe plazan, 'Gaixoa ni' abestuz sanferminei agurra emateko. Iruindarrak-eta hurrengo urtekoei begira dira dagoeneko.

Zapi gorriak eta kandelak, gauerdian, Iruñeko Udaletxe plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko uztailaren 15a
08:42
Entzun

Gauerdi gorria Iruñeko Udaletxe plazan. Gorri, esku zapidun eta kandeladunak goian izan dituzte-eta bart milaka lagunek. Gaixoa ni ahotan zutela amaiera eman zioten iruindarrek aurtengo sanferminei, baita hurrengo urtekoen atzerako kontaketari hasiera eman ere. Agurrak ez baitira errazak izaten. Ezin adio esan San Fermini, eta hurrengora arte esan zioten plaza mukuru bete zutenek. Hurrengora arte horrek badu iraupenik: 357 egun. Atzerako kontu hori zerora helduta, berriro izango dira bueltan zapi gorriak, kamiseta zuriak —eta, fundamentudunak fundamentudun, praka zuriak ere bai—.

Amaitu dira uztailaren 6ko 12:00etan hasi ziren jaiak, Luis Sabalza Osasunako presidentearen txupinazoarekin ekin ziotenak. Etengabeko 204 ordu izan dira bart gauerdira arte. Etengabeak, inoiz baino jende gehiago izan delako hiriburuko kaleetan, jaien agurrean Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak udaletxeko balkoitik azaldu zuen bezala.

Zapi gorriak gordetzeko eguna gaurkoa, eta lixiba ateratzekoa. Gordeta beharko dute arropek heldu den uztailaren 6a bitarte. Zenbat geratzen den? Ordura arte norbaitek zalantzarik badu: gutxiago, gero eta gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.