Sanferminak uztailaren 14ko gauerdia baino lehen amaitzen dira Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako kideentzat. Arratsaldeko ordubietan egin zuten bat atzo, Udaletxe plazan, azken egunotan inguruan izan dituzten neska-mutikoei eta haien gurasoei agur errateko. Iruindarrek ez zuten hutsik egin, eta jendetza elkartu zen enparantzan, konpartsari esker ona adierazteko. Txalo artean sartu ziren erraldoiak, buruhandiak, kilikiak eta zaldikoak herriko etxean, azken agurraren ondotik. Une horretan ere, handi direla erakutsi zuten konpartsako kideek.
Eguna goibel ernatu zen atzo Iruñean, eta fresko samar. Alde Zaharreko giroa, hala ere, eguraldia baino epelago zegoen. Sumatzen zen une berezi baten zain zirela etxeko gazteenak, eta, haiekin batera, umeon gurasoak, aitona-amonak eta gainerako lagunak. «Non da Caravinagre?», galdetzen zuten zenbait umek Udaletxe plazan, 13:15 aldera. Ordu horretan, plazatik inguruko karriketarantz atera ziren konpartsako kideak, Alde Zaharrean azken paseoa egitera. Ez zen paseo luzea izan, hala ere, 13:30ean udaletxe parean baitziren, berriz ere.
Zaldikoak sartu ziren plazara lehendabizi. Herriko etxera igo, eta balkoietatik hasi ziren haurrentzako goxokiak botatzen. Buruhandiak eta kilikiak ere udaletxe inguruko hainbat etxetako balkoietara atera ziren, haurrei azken agurra ematera. Zapiak atera behar izan zituzten Napoleonek eta Patatak, malkoei ezin eutsi baitziren biak, sanferminak haientzat amaitzear zirela konturatuta.
Umeen artean ere, emozioa zen nagusi. Sumatzen zen haien aurpegietan. Inoiz baino gertuago izan zituzten atzo hainbertze maite dituzten erraldoiak, buruhandiak, kilikiak eta zaldikoak, eta ez zuten aukera alferrik galdu nahi. Argazkiak ateratzeko profitatu zuten unea, eta, batez ere, konpartsako kideei hamaika muxu emateko.
Barbasen besarkada
Kilikiak hurbil-hurbiletik ikusteko aukerak ezustean harrapatu zuen haur bat baino gehiago. Barbas egon zen etxeko ataritik atera zenean, harekin egin zuen topo aitaren sorbalden gainean zegoen mutiko batek, eta irribarre zabal baten bidez erakutsi zuen kilikiarekin topo egin izanak eragin zion poza. Bost minutu lehenago, Barbas kilikiaren beraren txotxongiloa erosi zion aitak haurrari. Barbasen besarkada zuzenean jasotzeak, hala ere, gehiago poztu zuen panpina eskuetan eramateak baino. Aurpegian agertu zitzaion irribarreari, zalantzarik gabe, hainbat egunez eutsiko dio mutikoak.
Erraldoiek ere piztu zuten haurren poza. Plazan bat egin zuten umeen artean ibili ziren gora eta behera ordubetez. Burua jaitsi, eta haurren musuak hartu zituzten erraldoiek, erruz. Elkarri ere hamaika musu eman zioten erraldoiek atzokoan. Dantza egiteko baino ez ziren umeengandik pixka bat urrundu. Iruindarrek txalo zaparraden bidez eskertu zuten konpartsako kideen azken ikuskizuna.
14:30 aldera, eta musika eta jendearen txaloak lagun, banaka hasi ziren erraldoiak herriko etxera sartzen. Azken agurraren unea ailegatu zela ematen zuen, baina konpartsako kideak berriz atera ziren plazara, haurren gozamenerako. Agurraren unea luzatu nahi baitzuten denek.
Dantza egiteari ekin zioten erraldoiek, berriz ere. Dotore aritu ziren, bertze hamar minutuz edo. 14:40ean berriz hartu zuten konpartsako kide guztiek herriko etxerako bidea. Eta bigarren aldian ez zuten atzera egin. Udaletxeko ateak itxi, eta txalo zaparrada baten bidez amaitu zen konpartsaren azken ekitaldia.
Etxerako bidea hartu zuten haur gehienek ere. Tristura pixka bat sumatzen zen gehienen aurpegietan. Hurrengo sanferminak hasteko urtebete gelditzen baitzaie oraindik. Lehenago, hala ere, sanfermin txiki bestetan izanen dute umeek konpartsarekin berriz gozatzeko aukera. Erraldoiei, buruhandiei, kilikiei eta zaldikoei, berriz ere, kaixo errateko aukera.
Sanferminak Iruñean
Agurraren orduan ere, handi
Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak haurren eta gurasoen agur hunkigarria jaso du, urtero bezala, Udaletxe plazanErraldoiei eta buruhandiei musu emateko aukera izan dute umeek, azken egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu