Ahaztutako marrazkien bila

Walt Disneyren iragana berreskuratu du Warren Spector sortzaileak Nintendo Wiirako 'Epic Mickey' bideo jokoan

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Marrazki bizidunetako pertsonaiarik ezagunenetarikoa da Mickey Mouse sagua. AEBetan sortu zutenetik 82 urte igaro dira, eta, dagoeneko, hainbat belaunaldiren haurtzaroko oroitzapenetan dago. Nazioartean ezaguna bada ere, estatubatuarren artean heroi eta ikur gisa erabili izan dituzte Mickeyren belarri borobilduak.

Egungo ospeak ezin du ezkutatu, alabaina, saguak jaiotza zaila izan zuela. Bataioaren orduan ere zalantzak izan zituzten bere gurasoek. Mortimer deitu behar zioten hasieran, baina Lillian Disneyk Mickey nahiago zuen. Askoz ezezagunagoa da, ordea, munduko sagurik arrakastatsuena ordezko jaio zela, Walt Disneyren lehen umea Oswall untxi zoriontsua izan zelako.

Universal ekoiztetxearentzat lan egiten zuen Disneyk 1920ko hamarkadaren amaieran. Oswall zen garai hartako marrazki bizidunetako protagonista, eta Disneyk filmak ekoizteko diru gehiago eskatu zion enpresari 1928. urtean, filmen kalitateari eutsi ahal izateko. Universalek, ordea, aurrekontua murriztuko ziola erantzun zion.

Alde egitea erabaki zuen Disneyk, baina espero ez zituen ondorioekin: Universal Oswallen eskubideen jabea zen, eta, horrez gain, lan taldea ere lapurtu zion marrazkilariari. Beste heroi bat behar zuen Disneyk, eta untxiarekin antzekotasun handiak zituen Mickey sagua jaio zen orduan. Belarri luzeak borobilekin ordezkatu zituen, eta eskularru zein zapaten osagarriekin jantzi zuen.

Urte gutxiren buruan, marrazki bizidunen errege bilakatu zen sagua. Zineman, komikietan eta, geroago, zuri-beltzeko telebistan arrakasta handia lortu zuen. Gaur egun ere, etekin handienak ematen dituen marrazki biziduna da. Disney konpainiak, urtero, 22.500 milioi eurotik gorako sarrerak ditu pertsonaiari esker, eta askotariko produktuak ekoizten dituzte belarri beltzen ikurrarekin. Oswall, ordea, berehala desagertu zen Universalen esku, eta inor gutxik daki inoiz existitu zenik, orain arte behintzat...

Jendeak ahaztutako marrazki bizidunak Wasteland izeneko eremu ilun batean bizi ei dira. AEBetako Disneyland parkean izandakoei ezagunak egingo zaizkie mortu horretako kaleak, antzekotasunak badituztelako, kolorea eta bizitza galdu duten arren. Izan ere, Wastelandeko pertsonaiek bihotza galdu dute, eta ezinezkoa dute bizidunen mundura bueltatzea.

Horixe da Warren Spector bideo joko egileak irudikatutako testuingurua Nintendoren Wii kontsolarako kaleratutako azken bideo jokoan. Epic Mickey jokoan Disneyren hasierako filmetako sagu abenturazalea izango da protagonista nagusietako bat. Oswall untxia izango da bestea, 78 urte luzez mundu ilun horretan zokoratuta egon dena. Walt Disney sortzailearen bizitza, mundu erreala, alegia, eta bideo jokoena uztartzen dituen elementua izango da untxi zoriontsua, Wastlanden zorionik topatu ez badu ere. Jokalariak ikusiko duenez, Oswallek bere zorigaitza leporatuko dio Mickeyri, berea izan behar zuen ospea lapurtu ziolako, eremu ilun horretara zigortuz.

Tim Burtonenak diruditen paisaiak zeharkatuz, sagua gidatuko du jokalariak Wastland biziberritzeko, eta pintzela izango du arma nagusia. Aurrera egiteko, alabaina, disolbatzailea edo pintura erabiltzea erabaki beharko du, heroi edo gaizkile gisa aritzeko. Bidean Disney hil arte sortutako pertsonaia gehienak topatuko ditu.

Wii kontsolaren berritasun erakargarrienetakoa da Epic Mickey, Disney zaleentzat bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.