Erreakzioak borborka.Egundoko zaparrada eskaini digute irrati denek adierazpenekin, eta, nola bestela, nork bere mundu ikuskera erakutsi digu beste behin, iritziaren zamarik handiena euren etxeko ideologian jarriaz. Deigarria, akaso, estatuko SER kateak Euskal Herrian egin duen lurreratzea. Berri ona bazetorrela aurrez jakin izan balu bezala, Angeles Barcelok Hora 25 Aieteko oroimenaren etxetik emititu zuen ostegunean bertan. Ostiralean, berriz, Carles Francino eta haren Hoy por hoy magazina heldu ziren Deustura. Estatuko irrati generalistek ikuspegi partzialera ohitu gaituztelarik, duina eta guzti iruditu zaigu egindako ahalegintxoa, ahalik eta zabalena izan zedin adierazpenen abanikoa. Eta guztia Laboa, Lertxundi, Imanol edo Junkeraren musikarekin jantzita, SER katea gehiegi esplotatzen ari den Francinoren malkoak barne.
Zer den nor. Tertuliakideen kastak azken urtean erakutsi duen jarrera aztertu beharko genuke entzuleok, akaso, egin duen prozesuaren kontakizuna bistaratzeko. Froga ederra eskaini die gertakizunek, eta ariketa polita izango litzateke tertulia zaleontzat, jantziago egon gaitezen datorkigunari begira. Iritzi emaile bati gutxieneko bat eskatu behar baitzaio, denonak diren irrati publikoetan batik bat; azken batean, berekiko zera pentsatu baitute gutxi gorabehera: «Nik ematen dut maila intelektuala foro publiko, pribilegiatu eta herritar soilei eskaintzen ez zaien horretan egoteko». Konpromezu pertsonala exijitu beharko genieke, ahalegin intelektuala, irekiak egon daitezen errealitate politikoan izaten ari diren aldaketak igarri eta interpretatzeko, eta, bere tripetatik irteten zaizkien sentimen edo aurrejuzguak baztertzen saiatzeko. Nork bere ideologiaren alde sutsuki jarduteari utzi gabe, noski. Izan ere, hori ez da gertatu azken urtean (atzerago ez joategatik); hilabete asko ez da pasatu EITBko tertulia guztietan uneoro agertzen zaigun iritzi emaile bati aditu geniola «ezker abertzalea ez da ezer egiten ari». Adibide bat baino ez da; antzeko ugari aurkitu genitzake, audioetara joz gero.
Bi bertsio. Aztertzeko modukoa da lehendakariak AEBetan egin duen bidaia dela-eta berriemaileengandik aditu ahal izan ditugun bi bertsio, zerikusi handirik ez zutenak. Koipetsua EITBko bi irratiena, eta kritikoa, Xabier Lapitzena (Onda Vasca).
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Ahotsak irratitik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu