Komunikazioa. Ekografiak

Aitzakia garestiak

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Sarean badabil eskaera bat, jasoko zenuten segur aski: LTD bidez Nafarroan ETB ikus dadin eta Navarra Directo albistegia ken ez dezaten eskatzeko sinadura bilketa. Lehenak kezkatzen nau bigarrenak baino gehiago, nahiz eta bigarren horren ondorioak ere ez izan makalak. Hamalaugarren sasoia du aurtengoa Navarra Directo-k, ETBko saiorik beteranoetakoa izanik. Nafarroan egiten den ETBko saio bakarra dugu, bestalde. Eta, garrantzitsuena, hogei bat lagun kale gorrian geratuko dira. Urte amaieran bukatuko da. Astebete baino ez da falta sinadura bilketa finitzeko.

Larrietan larriena, ordea, gauden garairako, ETB ez ikusi ahal izatea Nafarroan. Areago ezertarako balio ez duten hamaika kate ikus ditzakegunean lasai ederrean. Eta arrazoiak politikoak dira, despistaturen bat badabil hemendik oraino. Akordio politikoak hankaz gora jartzen dituzten arrazoi politikoak: Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak bete gabe jarraitzen dute ETB Nafarroan hartzeko 2009ko uztailaren 3an sinatu zuten kolaborazio protokoloa. Konpromiso hori, gainera, UPN eta PSNk 2011ko ekainaren 21ean sinatu zuten gobernu akordioan izan zen babestua. Baina gero agertuko zaizu foru gobernuko ordezkari bat esanez Navarra Directo ixtearen arazoa ez dela eurena, hogei kazetari nafar langabezia ilaran paratzea beste baten problema dela: «Nahi duguna da ETB hartzea nafarroi ez dagokigun gasturik ekarri gabe». Bale, ados. Aitzakia garestiagorik.

Badakit ez dela gure arazoa bakarrik, Estatu mailan valentziarrek berdin jarraitzen dutela, TV3 ikusi gabe —eta katalanek Canal 9 ikusi gabe, nahiz gobernuak kate bat gordeta dion, koloretako barrekin oraindik—. Balearretan ere ez dabiltza lasaiago, ezpata beti pantailen gainean. Eta normalena iruditzen zait diru publiko diren kate autonomikoak biztanle guztiengana iristea. Behintzat, Gabriel Arestik Tomas Meabe sozialistari idatzi zion hura bete dadin: «Cierra los ojos muy suave, Meabe/ pestaña contra pestaña/ que sólo es español quien sabe, Meabe/ las cuatro lenguas de España».

Baina sozialistekin ez badu funtzionatu, nola funtzionatuko du orain gobernuburuak ere alderdikideak badituzte Nafarroa, Valentzia, Balearretako agintariek? Bien bitartean, jarraituko dugu VeoTV, 13TV, Intereconomia ikusten. Orain TVE ere klubera gehituko zaien honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.