Gerizpean

Aizkorri ezagutzeko jaia

Aizkorriko Lagunen eguna izango da igandean Zegaman, eta ekitaldiz beteriko asteburua antolatu dute

Aizkorri eta San Adrian inguruak ezagutzeko, hainbat mendi irteera antolatu dituzte. ALBERTO AIERBE / GOIERRIKO HITZA.
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Igandean 13. Aizkorriko Lagunen eguna izango da Zegaman (Gipuzkoa), eta, aurten, Aizkorri-Aratz parke naturalaren eguna ospatuko dute. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburu osorako.

Aizkorriko Ataria interpretazio zentrorako sarrera doan izango da larunbat arratsaldetik aurrera, eta hainbat erakusketa ikusteko aukera izango da. Larunbatean bertan, Vicente Ginearen (Elgoibar, Gipuzkoa) Animarbolak argazki erakusketa irekiko dute. Giro ona ez da faltako: gazta pintxoak eta edaria banatuko dituzte, Tobera musika eskolako txalaparta jotzaileek girotuta. Igandean, berriz, 10:00etatik 13:00etara, Xiloteka irekiko dute: mundu osoko 1.500 zuhaitz motaren egur bilduma. Xiloteka ikustera joaten direnek, bertako egurrak ezagutzeko aukera izango dute, Imanol Artolaren eskutik.

Bestalde, Aizkorri ingurua ezagutarazteko, mendi irteerak ere antolatu dituzte igande goizerako. 06:00etan, herriko plazatik abiatuta, Zegama-Aizkorri-Zegama irteera egiteko aukera egongo da; 09:30ean, berriz, San Adrian-Aizkorri-San Adrian irteera gidatua. Parte hartzaileei autobus zerbitzua jarriko diete, baina aurrez izena eman beharra dago.

Herrian bertan ere giro ederra izango da igandean. 13:00etan Eusko Label hegaluzea eta sagardoa banatuko dituzte plazan. Arratsaldean, berriz, haurrek izango dute festaz gozatzeko aukera: txokolate jana eta buruhandiak izango dira herriko plazan, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.