Maratila. Xabier Etxaniz Rojo

Akilesen orpoa

2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ez dakit oso ondo zeinek daukan arrazoia aire kontrolatzaileen eta Zapatero-Rubalcaba izatezko bikotearen arteko borrokan, baina nago alde biek gaizki neurtu dituztela euren erantzunak. Batzuk —ustezko galtzaileak— agian damutuko dira, ziegako leihotik zerua kontrolaezina baita. Besteek—ustezko irabazleek— bizkarrekoak emango dizkiote elkarri, eta, jarraian herri xeheari kontatuko diote zein ederki zapaldu duten aireportuetako aberaskumeen matxinada.

Zertan ari ziren pentsatzen kontrolatzaileak? Dena hankaz gora jarri zuten noiz eta oporrak hastear zeudenean! Baina non bizi dira? Ilargian ala? Espainiarrak dira, demontre! Eta espainiarrak izaki jakin beharko lukete Espainia ez dela lurralde bat, ezpada parke tematiko bat, Marina d'Or erraldoi bat, oporretarako lurralde bat non oporrak, zubiak, akueduktuak eta era guztietako atsedenaldiak Botafumeiroa bera baino sakratuagoak diren. Eta, hala ere, ausartu ziren herrikideak izorratzen! Kalamidadeak!

Eta Zapatero-Rubalcaba tandema pozik, alarmaren botoia sakatzearena ez baita eguneroko kontua. Zeinek daki, agian etorkizunean damutuko dira. Izan ere, orain munduko gaizkile guztiek badakite zein den mendebaldarron Akilesen orpoa. Ez erregeak, ez estatu-buruak… gure mundua pikutara bidali nahi baduzu, aski duzu aire kontrolatzaile guztiak garbitzea.

Ni konturatu banaiz, zenbat denbora beharko du Bin Ladenek horretaz jabetzeko…?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.