Margaret M. De Lange (Oslo, 1963) argazkilariaren Daughters (Alabak) argazki bilduma dago ikusgai Getxoko Amezti aretoan. 1993tik 2002ra bere alabei Norvegiako naturan eginiko erretratuak biltzen ditu horretan.
Abiapuntu sinplea du zure 'Daughters' sailak, alabei oporretan eginiko argazkiak, baina gai ugari jorratzen dituzu horretan: haurtzaroa, natura, emetasuna, eskandinabiako mitologia...?
Gai nagusia nire bi alaben haurtzaroa da. Batez ere, haien haurtzaroko udak erretratatu nahi izan ditut, hemen Norvegian, uda oso motza delako eta denbora asko kanpoan, naturan pasatzen dugulako. Eguzkia berandu arte egoten da esna, baita geu ere.
Edozein familiak egiten dizkio argazkiak haurrei. Zuk hasieratik zenekien arte egitasmo baterako ari zinela, edo udako denbora-pasa zen, gero kontu serio bihurturikoa?
Argazkigintza ikaslea nintzenean hasi nintzen. Kamerarekin trebatu behar nintzen, eta, aldi berean, bi neskatoren ama nintzen, eta haiekin pasatu nahi nuen ahalik eta denbora gehiena. Beraz, lanbidean zailtzeko, erretratu asko egin nizkien. Jendeak oso ondo hartu zituen argazkiok, beraz, handik denbora batera—denbora asko, egia esan—, egitasmo zehatz bihurtu zen.
Natura anbiguoa da zure irudiotan: jolastoki basatia dirudi batzuetan, baina baita leku ilun eta beldurgarria ere. Txanpon beraren bi aldeak dira?
Bai, baina nik soilik han zegoena erretratatu dut. Naturatik gertu bizi gara, eta hori da alabek beti jolasteko izan duten era. Horrez gain, neure haurtzaroa islatzen du. Oso antzekoa izan zen nik izan nuen haurtzaroa.
Haurtzaroak ere alde iluna duela uste duzu?
Bai, noski. Bizitzaren parte da, haurrentzat zein helduentzat. Alabak emakume heldu bihurtu arte itxaron nuen argazkiok argitaratzeko
Zeren beldur zinen?
Argazkiotako batzuk oso pribatuak dira, eta pentsatu nuen ez nuela eskubiderik horiek argitaratzeko alaben baimenik gabe.Eta, horretarako, behar nuen haiek heldu bihurtzea, guztiz ulertzeko eta erabaki ahal izateko irudiok jendaurrean erakustea zuzena ote zen. Zorionez, oso ongi iruditu zitzaien.
Esan duzun bezala, oso lan pertsonala eta intimoa da. Nola eragin dio zeure argazkigintzari?
Ez da inoiz amaitu. Oraindik ere, askotan erretratatzen ditut nire alabak eta senideak. Uste dut beti egingo dudala hori.
Margaret M. de Lange. Argazkilaria
«Alabak heldu bihurtu arte itxaron nuen baimena eman zezaten irudiok erakusteko»
Bere bi haurrei Norvegiako udako naturan urte luzez eginiko argazkiak jarri ditu De Lange artistak Getxophoto jaialdian, haurtzaroari eskainitako 'Umeei gorazarre' atalaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu