Jon Etxeberria. Gazta lehiaketaren irabazlea

«Alabaren jaiotza eta saria batera iritsi zaizkigu»

2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Jon Etxeberriak zortzi urte daramatza gazta egiten, baina lehen aldiz irabazi du Ordiziako gazta lehiaketa. Mari Pui Arrieta emaztearekin batera egiten du gazta, Zeanuriko Ipiñaburu auzoan. Ez ziren Ordizian izan, joan den larunbatean Izaro alaba izan zutelako. Telefonoz jaso zuten berria, pozez negarrez, ez baitzuten saria lortzerik espero. Etxeberriak ez du oraindik guztiz barneratu irabazlea dela, baina badu garaipena behar bezala ospatzeko asmoa.

Zer sentitu duzu irabazi duzula jakitean?

Epaimahaiak erabakiaren berri eman bezain laster, lagun batek deitu dit irabazi dudala esateko. Larunbatean Izaro alaba izan genuen andreak eta biok, eta harekin geunden berria jaso dugunean; pozez negarrez hasi gara biok. Ez genuen espero. Gainera, haurra eduki dugunez, gazta aukeratzeko denbora askorik ere ez genuen izan, baina, suertea izan dugu.

Lehiaketara aurkeztutako gazta emazteak eta biek egindakoa da, ezta?

Bai. Nik neure kontura zortzi urte daramatzat gazta egiten. Emazteak, berriz, bere kontura egiten zuen. Baina, duela bi urte ezkondu egin ginen, eta gazta batera egiten hasi ginen, hemen, Zeanurin. Batera egiten dugu lan, bai ardiak jaizten, baita gazta egiten ere. Gertatzen dena da lehiaketan aurkezteko bakarraren izenean egon behar duela gaztak.

Noiz egindako gazta aurkeztu zenuten lehiaketara? Eta nola aukeratu zenuten?

Maiatzaren 1ean egindako gazta zen. Aukeratzeko, berriz, batez ere kanpoko itxurari begiratzen diogu. Barrutik nolako itxura duten ere begiratzen dugu, ordea; egun berean egindako beste gazta batzuk irekitzen ditugu horretarako, barrua lisoa duten ikusteko. Eta zaporea ere hartzen dugu kontuan.

Zein ezaugarri ditu zuen gaztak?

Gazta ketua aurkeztu dugu, aurrekoetan bezala. Zaporez, berriz, nahiko fuertea da, bildotsaren gatzagi naturalarekin egina baitago, etxean egindakoarekin. Ahoan zapore handia uzten du.

Zer esan nahi du zuentzat Ordiziako gazta lehiaketa irabazteak?

Oraindik ez dakit, ez baitut guztiz barneratu. Ez dakit orain zer gertatuko den, baina guretzat poz handia da. Gainera, haurraren jaiotza eta saria batera iritsi zaizkigu, eta emozioz beteta gaude. Oraingoz, deiak jaso eta jaso ari naiz. Pentsatzen dut datozen lehiaketetara konfiantza gehiagorekin aurkeztuko garela.

Zer iruditzen zaizu enkantean ordaindu dutena?

Ez dago gaizki gazta erdiagatik 7.400 euro ordaintzea. Etxean ere prezio horretan salduko bagenitu…

Ordiziako lehiaketa irabazita, gazta gehiago salduko dituzulakoan zaude?

Pentsatzen dut baietz. Dena den, gure inguruan lehen ere nahiko ongi saltzen dugu gazta. Jende asko bizi da, eta artzain gutxi gaude, hortaz, abantaila dugu.

Nola ospatuko duzue garaipena?

Oraindik ez dakigu zer egingo dugun, baina zerbait bai. Ospatzeko asmoa badugu, ez da gutxiagorako eta. Datorren urtean ere aurkeztuko gara, eta orduan ere saiatuko gara gauzak ahalik eta ongien egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.