Datorren asteko estreinaldiak

Aldaketa sozial baten kronika

Iranera itzuli da Asghar Farhadi zuzendaria, Forushande pelikularekin. Suspensea eta misterioa uztartuz, sorterriaren egoera sozialaren deskribapen sotila egiten du Farhadik

Shahab Hosseini eta Taraneh Alidoosti aktoreak, Forushande pelikulako protagonistak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Abbas Kiarostamiren heriotzaren ostean, Asghar Farhadi da Irango zinemagintza garaikideak duen ordezkaririk inportanteena. Haren egiteko moldeak ez du batere antzik Kiarostamirenarekin. Suspensea eta, batzuetan, misterioa uztartuz, haren sorterrian egun duten egoera sozialaren deskribapen sotila egin ohi du pelikuletan.

Nazioartean ongi merezitako ospea eskuratu du zinemagileak, bereziki Frantzian. Berlingo zinemaldiari esker egin zen ezagun, baina Canneskoa izan da haren lana nazioartean ezagutarazteko plataformarik onena. Berlinen ez bezala, Cannesen ez du pelikula onenaren saria inoiz eskuratu.Baina Le passé-rekin Berenice Bejo aktoreak jaso zuen saria; eta iaz Forushande-rekin lortu zituen bi sariek —gidoi onenarena eta gizonezko aktore onenarena— ospe handia eman diote.

Farhadiren pelikulen oihartzuna ez da Frantziara mugatu. Horren adibiderik garbiena Jodaieye Nader az Simin pelikula da. 2011n ingelesez besteko pelikula onenaren Oscar saria jaso zuen. Aurtengoan ere Oscarretarako lehian sartuta dago Forushande.

Film berri honekin hasi aurretik, Espainian grabatu behar zuen Asghar Farhadik, Pedro Almodovarren babespean. Baina proiektuak hainbat atzerapen izan zituen, eta, Iranen, film berri bati heltzea erabaki zuen. Aspaldian buruan zuen ideia zen Forushande-ren istorioa, eta nahiko aurreratua zuen gidoia. Hala, azkar samar burutu ahal izan zuen.

Millerren itzala

Antzerki giroa islatzea zen, besteak beste, zinemagileak pelikula berriarekin nahi zuena. Horretarako, Arthur Millerrek idatzi zuen Bidaiari baten heriotza antzezlan ezaguna erabili du hari narratibo gisa, horixe baita pertsonaiak antzezten ari diren lana.

Hala ere, ez da kasualitatez hautatutako antzezlana izan. Farhadik gaztetan irakurri zuen Millerren lana, eta zirrara handia eragin zion; bereziki, AEBetako gizartea izaten ari zen modernizazio prozesu azkarra deskribatzeko moduagatik.

Gaur egun, antzeko egoeran ikusten du sorterria zinemagileak, bereziki Teheran hiriburua. Egun batetik bestera aldatzen ari da hiria, eta harekin batera ohiturak eta portaera sozial asko. Horregatik, pelikulan agertzen den antzezlana agertoki ezin hobea iruditu zitzaion kontatu nahi zuen istoriorako.

Emar eta Rana Teherango erdigunean bizi den bikote gaztea da. Halako batean, bizi diren apartamentua utzi beharko dute, eraikinean egin behar dituzten lan batzuk direla eta. Bizitoki berria topatuko du bikoteak, baina aurreko apopiloarekin lotutako arazo batzuek ondorio larriak izanen dituzte bikotearen eguneroko bizitzan.

'FORUSHANDE'

Zuzendaria. Asghar Farhadi.

Aktoreak. Shahab Hosseini, Taraneh Alidoosti, Babak Karimi, Mina Sadati.

Herrialdea. Iran.

Urtea. 2017.

Iraupena. 125 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.