Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoko Kontrol Batzordea bildu zen atzo Gasteizko legebiltzarrean. Alderdi politiko, talde eta erakunde bakoitzari eskainiriko denboraz informazio zehatza eman beharko du EITBk aurrerantzean, EH Bilduk eta EAJren legebiltzarreko taldeek adostu zutenez. Horrez gain, ETB1eko Debatea saioa bertan behera uzteko erabakiaren arrazoiez galdetu zioten Edu Barinaga ETBko zuzendariari, eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko plana noraino bete den azaltzeko eskatu zioten Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiari.
EH Bilduko Unai Urruzunok aurkeztu zuen denbora banaketaren inguruko informazioa eskatzeko ez-legezko proposamena. Atzo argudiatu zuenez, «desorekak» daude EITBk alderdi bakoitzari eskaintzen dion denboran. Esan zuenez, orekatu egin behar da denbora alderdi bakoitzaren «indarraren eta albistea sortzeko ahalmenaren» arabera. Instituzioen arteko desoreka ere salatu zuen. Jaurlaritzak, foru aldundiak eta hiriburuetako udalek dituzten minutuak ere proportzionalki banatzeko galdegin zuen. Bakoitzari eskainitako denbora bi hiletik behin modu xehatuan jasotzeko eskatu zuen.
PSEren taldeak esan zuen proposamenaren kontra bozkatuko zuela, denboraz gain «gaiak» ere orekatu nahi zituztelako. «Ez zaigu interesatzen agertzea EITBn, erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egiten», adierazi zuen Mikel Unzaluk. «Geuk proposatzen dugunean agertu nahi dugu eta ez besteek proposatzen dutenari erantzuten».
EITBri ospea kentzen saiatzeko kanpaina egitea egotzi zion EAJko Luke Uribe-Etxebarriak PSEri. Unzaluk aurkeztutako testuak kazetariak gutxiesten dituela esan zion, eta «aurretiko zentsura» ezarri nahi izatea egotzi zion. «Profesionalek uste badute zure adierazpenek ez dutela interes informatiborik, derrigorrean eman behar dituzte?», galdetu zion. Gogoratu zuenez, denborak zehaztea PSEk eta PPk beraiek eskatu zuten Lizarra-Garazi itunaren garaian. Horregatik, erdibideko testua adostu zuten jeltzaleek EH Bildurekin. Eztabaida ondorengo bozketan, bi taldeon bederatzi botorekin egin zuen aurrera proposamenak. PSEren hiru ordezkariek kontra bozkatu zuten, eta, PPkoek, abstentzioa.
Generoa, edukietan
Parekidetasuna bultzatzeko planaren balorazioa eta amaitzen denean zer egingo duten galdetu zion kontrol saioaren hasieran EH Bilduko ordezkari Diana Urreak Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiari. Berdintasun programa inoiz ez bezala «zaindu» behar izan duela erantzun zuen Iturbek. Erakunde publikoan ere emakumeen aurkako «kristalezko sabai ikusezina» badagoela adierazi zuen. Halere, gogoratu zuen zuzendaritza postuetan emakumeak %40 direla. Kontraste gisa, alderdiek, sindikatuek eta gizarteko beste taldeek aukeraturiko administrazio kontseiluan %25era ez direla heltzen gogoratu zuen zuzendariak.
Bigarren berdintasun plana aurten aurkeztu nahi dio Iturbek administrazio kontseiluari. Esan zuenez, «edukietan genero ikuspegia sartzea» izango da bigarren plan horren erronka nagusia. 2014an EITBko zuzendaritza eta koordinazio talde osoari gaiaren inguruko sentsibilizazio ikastaroa eman ziotela gaineratu zuen. Denera 100 langileri eman zioten formakuntza gaiaz. Bigarren planean ere formazio saioak sartuko dituztela esan zuen atzo zuzendariak.
'Debatea', «kasualitatea»
ETB1eko Debatea saioa bertan behera uztea erabaki zuen zuzendaritzak urtarrilaren amaieran. Egun batzuk lehenago, PPk, UPDk eta Covitek biktimen «umiliazioa» salatu zuten, eztabaida saiora Mikel Zubimendi gonbidatu zutelako.Saioa bertan behera uzteko erabakia «talde horiek sorturiko iskanbilaren ondorioz» hartu ote zen galdetu zion atzo Urruzunok Edu Barinaga ETBko zuzendariari. Hala balitz, «zentsura saio larria» litzatekeela esan zuen. Erabakia ika-mikaren ondoren etortzea «kasualitate hutsa» izan zela erantzun zuen Barinagak, eta aurretik hartuta zegoela, Debatea«gainbeheran» zegoelako.
Alderdi bakoitzari zer denbora eman bi hilean behin ezarriko du EITBk
EAJk eta EH Bilduk adostu dute informazioa eskatzea.Genero ikuspegia «edukietan» sartzea, hurrengo berdintasun planeko xedea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu