Frantziako Arte kateak 2005. urteko film interesgarrienetako bat emango du gaur gauean. Berlinaleko zuzendari onenaren eta aktore protagonistaren sariak eraman zituen, eta Oscarretarako izendapena jaso zuen, baina ez saria.
Marc Rothemund zinemagileak zintzo begiratu zion Alemania bere herrialdearen historiari, Sophie eta Hans Scholl anai-arreba ausarten istorioa kontatuz. Der Untergang handitik aldenduz, aurrekontu txikiagoarekin eta umiltasun handiagoarekin, emakume gazte baten erresistentzia erakusten du zintak.
Gabeziaren bat edo beste antzematen zaion arren, filmak badu indarra eta sakontasun nahikoa. Bereziki, Julia Jentsch aktorearen begirada eta hitz hunkigarriak dira ardatza, dekoratu hotz eta apartatu batzuen barnean.
Sinesgaitz jo daiteke konturen bat edo beste atxilotuaren eta Gestapoko galdekatzailearen arteko harremanean. Schollek tratu okerragoa pairatuko zuen, ziurrenik, 1943. urte hartan.
Arrosa Zuria mugimenduaren nondik norakoak enfasi handiagoarekin kontatzea ere bazegoen. Baina filma egiteak berak eta une oro duen espirituak txaloak merezi dituzte. Tonua, oro har, fina eta sotila da, eta erraz ikusten da hasi eta bukatu arte.
Urtzi Urkizu
############
Sophie Scholl
Arte, 20:40. Zuz.: Marc Rothemund. Akt.: Julia Jentsch, André Hennicke, Alexander Held, Fabian Hinrichs. 117 min. Alemania, 2005.
############
Alemaniako arrosa zuriak nazien aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu