Aurtengo udaberria aurreko urteetakoa baino hobea izanen da lore hautsari alergia diotenentzat Nafarroan. Udazkenean eta neguan euri gutxi egin du, eta lehortea da nagusi. Hori aintzat hartuz, landareen lore hauts gutxiago izatea espero da, eta, ondorioz, alergia dutenek gutxiago nozituko dute gaitza.
Udaberria ate-joka dator. Udaberria hastearekin batera, landareak loratu egiten dira, eta lore hautsa botatzen hasten dira. Landareek ugaltze prozesuan sortzen dituzten eta airean zabaltzen diren gorputz mikroskopikoak dira lore hautsak. Polenarekiko sentikorrak diren pertsonetan hainbat sintoma eragin ditzakete: doministikuak, sudur jario urtsua, konjuntibitisa eta, kasurik larrienetan, baita asma ere.
Gaitz horiek nozitzen dituztenentzat udaberria hobea izanen dela espero da. Udazkenean eta neguan euri gutxi egin du, eta lehortea da nagusi. Horrek belarkara gutxiago ateratzea ekarri du. «Euririk ez badu egiten, belarkarak ez dira hainbeste ateratzen eta giroan lore hauts gutxiago dago», dio Javier Aldaz Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko Janariaren Segurtasunerako eta Ingurumen Osasunerako Zerbitzuko buruak.
Erregistro ofizialik ez dagoen arren, biztanleen %15-20k diote alergia lore hautsari. Ohikoena gramineoen lore hautsari izatea da. Portzentaje horretatik gramineoen lore hautsari alergia diotenak dira gehienak, %80 edo. Gramineoak garian, artoan, oloan, arrozan, zekalean, garagarrean, basartoan eta artatxikian aurki daitezke, baita lorategietako belardietan zein errepide bazterretako belarretan ere.
Hala ere, Aldazek ohartarazi du egunetik egunera alergikoen ezaugarriak aldatzen ari direla, eta alergikoen %40ri baino gehiagori polen mota batek baino gehiagok kalte egiten diete. Alergien sasoia ere aldatzen ari da. Orain ez da udaberrian bakarrik, eta luzatu egiten da. «Lehen, batez ere, maiatzean eta ekainean izaten zen. Egun, berriz, udako hilabeetan ere izaten da, eta lehenago hasten da, ilbeltzean eta otsailean». Zergatia azaltzea ez da erraza, baina klima aldaketak eta euri gutxiago egiteak zerikusia dute, ustez.
Kutsadurak ere eragin handia du alergikoengan, eta Aldazek gogoratu du alergia duten lagun gehiago dagoela hirietan. «Lore hautsari zaion alergiaren eta atmosferako kutsaduraren artean lotura zuzena dago». Lehortearekin lore hautsa ekoizten duten landare gutxiago egon arren, lore hautsak denbora gehiago irauten du. Euriak lore hautsa eraman egiten du eta atmosferako kutsadura garbitu. «Azken urteetan izan diren arnasketako alergiak, hein batean, airearen kalitate txarrari dagozkio. Ikusi da hiriguneetan landa guneetan baino jende gehiago dagoela lore hautsari alergia diona».
Informazioa egunero
Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak egunero jartzen du Iruñean dagoen polinizazio mailaren informazioa bere webgunean. Lore hautsaren eguneroko eta hileroko kontzentrazioen datuak ematen ditu. Oraindik txikia da lore hautsaren produkzioa Iruñean, eta alergia dutenek ez dute asko nabarituko. «Lizarrak, zumarrak eta kupresazeak hasi dira polena botatzen, baina eragina ez da oso handia». Lore hautsarekin zerikusia duten gaitz alergiko ohikoenen inguruko informazioa, tratamenduak eta alergiaren zantzuak arintzeko gomendioak ere ematen dira webgunean. Horrela, alergia zein lore hautsek eragiten dien jakinaren gainean daudenek dagozkien gomendioei jarrai diezaiekete. Aurten, gainera, astebeteko aurrerapenarekin jartzen dute hurrengo asterako lore hautsaren aurreikuspena webgunean. «Hurrengo astean lizarraren, zumarraren, altzifrearen eta haltzaren lore hautsa izanen da gehienbat, baina maila txikian», aurreratu du Aldazek.
Lore hautsen bati alergia dionak erraz eskura dezake informazioa. Iruñetik deitzekotan, 010 zenbakira deituz lor dezake. Nafarroako hiriburutik kanpo deitzen duenak, berriz, 948-42 01 00 telefonoa du. [email protected] helbidera idatziz ere eska dezake.
Alergikoen mesedetan
Lehortea dela eta, alergia dutenek ez dute hainbeste sufrituko Nafarroan datorren udaberrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu