Alexen sekretua

Ane Muñoz.
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Mertxek seme bakarra du, Alex, bederatzi urtekoa, adopzioan hartu zuenez geroztik aitarik gabe hezi duena.

Egunero, eskolatik irtendakoan, Alexek urduri itxaroten du atarian. Mertxe, berriz, azkar eta presaka ibiltzen da semearengana garaiz iritsi ahal izateko. Elkarri musu eder bana eman ondoren, Alexek eskutik hartuta bultzaka eramaten du ama etxerako bidean dagoen dantza eskola pareraino. Hantxe bada beti neska talde bat, plié, relevé eta bestelako ariketa klasikoak egiten. Alexek liluratuta begiratzen du leihotik barrena. Mertxeri hasieran grazia egiten zion, «ene, ze azkar hasi zaion neskenganako grina!».

Goiz batean, ordea, Alexek sekretu bat kontatu zion amari: «Dantzatzen ikasi nahi dut, baina ez dut nahi inork jakitea, marikita deituko didate bestela». Amak, harrituta, «baina ze txorakeria da hori?». Betiko aurreiritziak ze puñeteroak diren pentsatu zuen, semearen interesa ez zirela neskak dantza baizik jabetzen zen bitartean. Eta arrazoi du, izugarria baita neska-mutilak berdintasunean hezita ere nola bereizten dituzten batzuen eta besteen jokoak. Eta ze krudelak diren batzutan. Norengandik ikasten dute, baina?

Mertxek buruhauste handiak izan zituen sekretuaren zentzugabetasuna mutikoari azaltzeko, baina alferrik, besteak belauniko erregutu baitzion «mese, ez dut nahi eskolan barregarri uztea». Mertxek, erdi etsita, sekretua ahalik eta azkarren apurtzeko baldintzarekin eraman zuen dantza eskolara.

Alexek dagoeneko kabriola ederrak egiten ditu eta Mertxe lasai dago, bai baitaki, bihar ez bada etzi, semeak berak apurtuko duela sekretua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.