Antartikako zeharkaldian zela jakin zuen Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) Piolet d'Or sarietan epaimahaikide izateko gonbidatu zutela. Baiezkoa eman zuen. Aurkeztutako eskaladei erreparatu, eta 2011 urte emankorra izan zela uste du.
Zer garrantzi ematen diozu epaimahaikide izateko gonbidapenari?
Poz handia sentitu dut Chamonixetik jaso dudan eskaera horrekin; Himalayan egin dudan ibilbidea ezagutzea izan da niretzat. Baina epaimahaian parte hartzeari baietza emateak eskatzen duen zuzentasunak ardura ere sortzen dit.
Azken urteetan eztabaidak izan dira halako sariketen inguruan. Hainbat mendizalek uko ere egin diote izendapena eta saria jasotzeari. Zer iritzi duzu sarion inguruan?
Ikusi dudanagatik, irizpide garbiak dituzte antolatzaileek; sariketaren helburua ez da lehiaketa gordin bat antolatzea. Munduko igoera esanguratsuenetako batzuk egin dituzten mendizaleak elkartzea eta ikusleei eta mendizaleei eskalada horiek erakustea dute asmoa. Alpinismoaren bilakaeran garrantzitsuak diren irizpideak zabaldu nahi dituzte, eta alpinismoak egiteko bide luzea duela aldarrikatu.
Zer irizpide hartu dituzue kontuan hautagaiak aukeratzeko?
Sariketak garbi uzten ditu hainbat irizpide: eskaladaren estiloa, maila teknikoa, berritzailea izatea, esplorazioa, ingurumena errespetatzea, baliabideen erabilera egokia, bertako jendeari zor zaion begirunea... Kontuan hartu beharreko zerrenda bat badago; baina, batez ere, zailtasuna, estiloa eta izaera berritzailea izatea hartu ditugu kontuan.
Alpinismoa bizirik al dago iazkoari begiratuta? Zer osasun du?
2011ko jarduera ikaragarri aberatsa izan da ikuspegi horretatik, eta ez zaigu erraza egin sei eskalada aukeratzea. Sariketa irizpide batzuetan oinarritua izanagatik, gutako bakoitzak gure iritzi eta usteak ditugu. Oso zaila da aho batez sei igoera onenak aukeratzea, baina saiatu gara zentzuz jokatzen eta adosten.
Eskalada bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta ez dira mendigune berean egindakoak. Kosta egin al zaizue ados jartzea?
Izan dira eztabaida sortu duten igoerak, eta batzuk kanpoan utzi beharrak pena eman dit. Zaila da sei igoera aukeratzea. Nola alderatu Himalayako jarduera bat Patagoniako batekin? Eta Patagoniako bat Alaskakoarekin edo Alpeetan egindako igoera batekin? Denak izan daitezke interesgarriak eta guztiak sar daitezke sariketako irizpideen barnean. Guk mendizaleek aurkeztutako informazioa jaso dugu, eta informazioa emateko moduan ere aldeak egon daitezke. Izaera apaleko mendizaleak behetik joko du ireki duen bidearen zailtasuna azaltzeko orduan, eta izango da goitik jotzen duenik ere. Ikuspegi horretatik mugak ditugu.
Alberto Iñurrategi. Alpinista eta Piolet d'Or sarietako epaimahaikidea
«Alpinismoak bide luzea du egiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu