Komunikazioa. Ekografiak

Altsasuko herritik

Aritz Galarraga.
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Orain ez askora arte gauza bat eta bakarra esportatzen genuen Espainiako telebista kateetara. Edo inportatzen ziguten Espainiako kateetatik, nondik begiratzen zaion. Gure gauza bat eta bakarra inporta zitzaiela, denok buruan dugun horixe: kutxa automatiko ketuak, atxiloketaren bat edo beste, azken manifestazio mugitua. Eta Anne Igartibururen irribarre kilometrikoa, noski. Orain kontua zertxobait aldatu da, gauzak baretu egin dira, material apetatsurik apenas iristen zaien. Anne Igartibururen aho-inguruko giharrak ez dira lehengoak. Eta konformatu behar dira arrantza dezaketen genero eskasarekin.

Genero eskasa, esan dut, baina ez beti makala, ez horixe. Cuatro kateko informatiboak ikusten, asteazken eguerdian, desfile militar baten irudiak harrapatu nituen, Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Forala, Juan Carlos bera. Eskerrak aurkezleak lagundu zidan: Altsasu zen, bertan irailaren 3an herritarrek egin zuten desfile faltsua, umoretsua, desfile baten parodia. Minutu batzuk geroago, Antena3en, antzeko irudiak ikusi nituen, eta antzeko azalpenak entzun.

Tira, ez dago gaizki, pentsatu nuen, hasi dira gauzak aldatzen, parodiarako gaitasuna esportatzen dugu orain, umorerako halako jaidura bat. Ez dago gaizki kanpotik umorearekin lotzen bagaituzte hemendik aurrera.Umorearekin, esan dut, ez Vaya semanita-rekin. Baina, umorea ere ez da zera objektibo bat, ez du definizio unibertsalik. Jakin beharra dago zertaz ari garen umoreaz ari garenean.

Hilario Pinorentzat, Altsasukoa «burla moduko bat» izan zen. Eta ez zuen aukera pasatzen utzi, azkenerako irristatu zitzaion: «Bilduk gobernatutako udalerria» geneukan begien bistan. Vicente Vallesen taldearentzat, aldiz, garrantzi handiagoa zuen udalaren kolore politikoak eta hasieratik azpimarratu zen: «Altsasuko udal nafarrak, Bilduk gobernatuak, udal eraikina utzi zuen parodia egiteko», udal eraikina zein izan zen zehaztu gabe. Baina behintzat ulertu zuten parodia baten aurrean geundela. Beste hainbatek ez, tartean Nafarroako Gobernuak eta PSOEk. Eta luza daiteke kontua.

Ez da gutxi, Altsasukoek lortu dute kanpora iristea, beren mezua Espainia aldean ere ikusaraztea. Gauzak ondo egin dituztenaren zantzu, eta Espainia aldeko kateek bestelako gauzarik ez dutenaren froga. Seinale onak bi-biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.