Elikadura. Hazkurri kontuak

Alzheimer, fabrikatik eta hazkurritik

2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Egun, adineko pertsonek nozitzen duten trastorno neurologiko horren bereizgarria, garuneko zelulak hondatzearen ondorez dementzia progresiboa agertzea da. Amaren sabeletik ekarri dugun materialean datza gaitzaren oinarria, baina gene kaltegarri horiek aktibatu edo lotan egonaraz ditzake gure bizimoduak, oro har.

Alzheimer gaitza, gutxi-asko, neuronen zahartzearen ondorio da: erradikal askeen eraginez, zelula horiek oxidatu, azkenean suntsitu eta orain arte bete duten eginkizuna bestela beteko da edo ez da beteko. Azterlan askok frogatu dute gaixotasunaren ibilbidea aldarazten duten faktoretako bat elikadura dela.

(Parentesitxo bat

Geroz eta modakoago bihurtzen ari diren erradikal aske horiek atomoak edo atomo-multzo solteroak dira, bikotekiderik ez dutenak, baina hori lortzea irrikatzen dute: gure organismoan gora eta behera dabiltza bikotekidea (elektroia) molekula apalankatuei ostu nahian, egonkortasun elektrokimikoa erdiesteko. Helburua lorturik, molekula egonkorra erradikal aske bilakatu da eta, hortaz, bila abiatu beharko da. Horrela suntsitzen dira gure zelulak eta mintzak.

Erradikal askeak ez dira, berez, kaltegarriak: gure organismoak ere fabrikatzen ditu neurrikoak, bakterio eta birusen aurka borrokatzeko. Baina honelakoak geure sistemak aise hartzen ditu mendean, «etxeko» entzima batzuez baliatuz.)

Okerreko elikaduraz ari gara: alkohol gehiegi edatea, gantz eta kolesterol (gurin, margarina, gazta, arrautza, haragi koipetsua) lar jatea, bitamina antioxidatzaile (fruta, berdura, labore eta lekadunak) eskas eta metal jakin batzuk (berun, aluminio, zinka) hartzeak prozesua azkartu egiten dute.

Hortaz, gaitzaren agerpena geroratzeko, neurri batzuk hartu beharko:

Metal horiek ez irensteko, bermedun produktuak aukeratu, landarezkoak uretan zorrotz garbitu eta, berdurak egostean, aparra ongi kendu beharko dugu.

Polifenol (hitz hau geroz eta ohikoago bihurtuko da, ikusiko) ugari hartzea: barazki eta fruta freskoa.

Bitamina antioxidatzailetatik (C, E eta beta karotenoak) majo, erradikal askeak uxatzeko: berriro ere berdurak, frutak, fruitu lehorrak, oliba olioa, arraina…

Egurra folatoari eta B12 bitaminari, bereziki.

Denok izan nahi baitugu zahartzarorako bidelagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.