Gizartearen %5 ingururi eragiten dio, eta ez dago harentzako sendagairik. Alzheimerra ez da gisa horretako gaixotasun bakarra, baina horietariko bat da. Eta horri aurka egiteko moduen bila dabiltza ikerlariak. Horretan aritu dira Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel ikerlari taldeko kideak ere, eta sendagaia lortzetik urrun badira ere, egin dute beren ekarpena. Garunera zelulak txertatuz gaixotasunak eragiten dituen kalteei aurre egiteko modu bat frogatu dute sagu transgenikoekin. Emaitzak onak izan dira, eta hainbat sendagai enpresaren interesa piztu du beren azterketak. Lana dago oraindik egiteko, ordea, Rosa Hernandez irakasleak aitortu duenez. «Ez da alzheimerraren aurkako sendagairik izango laster, baina perspektiba berriak ireki dira gure ikerketarekin, eta itxaropentsua dirudi etorkizunak».
Biomaterials aldizkarian argitaratu dute lanaren emaitza, eta Farmazia Industrial eta Galenikoaren Espainiako Elkartea 2010eko ikerketarik onenaren saria eman die. Hernandez bera, Gorka Orive eta Jose Luis Pedraz irakasleak dira ikerketaren egileak, Aitziber Porterorekin batera. Urteak daramatzate zelula bidezko terapiak ikertzen, eta alzheimerrarekin egindako saioa da egin duten azkenetariko bat, eta baita arrakastatsuenetariko bat izan dena ere.
Gorputzari lagungarri zaion zelula bat kapsularatzea eta txertatzea da tratamendu mota horren oinarrizko ideia. Hark sortzen dituen elementuak gorputzak duen hutsune bat osatzen lagun dezaketelako. Baina bada arazo bat: gorputzak, berez, erasotzat hartu ohi ditu kanpotik txertatutako zelula horiek, eta horien aurka egiten du. Zelula arrotz horiek nolabait ere kamuflatzea da konponbidea. Eta hori da NanoBioCel taldekoek erabiltzen duten teknika: mikrokapsuletan sartzen dituzte zelulak.
Kapsula horien bidez, gorputzak zelula ez du erasotzat hartzen, eta era berean, zelula gai da gorputzak eskaintzen dizkion elikadura eta bizirik irauteko behar dituen elementu guztiak jasotzeko. Hainbat azterketa egin dituzte teknologia hori erabiliz; eduki ditzakeen aplikazio praktikoak frogatzea izan da haien helburua. Hori da alzheimerrarekin egin dutena ere.
Haren aurka egiteko, VEGF izena duen faktore bat duten zelulak dira saguen garunean sartu dituztenak. Odol basoak sortzen laguntzen du faktore horrek. Izan ere, zenbait ikerketaren arabera, garuneko odol basoak kaltetu egiten dizkie gaitzak alzheimerra duten gaixoei. Ez dituzte garbitu beharrekoak behar bezala garbitzen, eta, ondorioz, plakak sortzen dira garunean. Hori da Beta Miloidesustantziekin gertatzen dena. Pilatu egiten da, eta garunaren funtzioak oztopatzen hasten da. Odol basoak osatzeak, horregatik, sustantzia hori garbitzen lagun diezaioke gorputzari. Hori zen NanoBioCel taldekoen hipotesia, eta hori da alzheimerraren sintoma parekoak dituzten sagu transgenikoekin egindako frogen bidez ondorioztatu dutena.
Memoriaren hobekuntza
Bi fase izan ditu saguekin egindako ikerketak, Hernandezek azaldu duenez. Sagu arruntekin egin zituzten lehenik frogak. Mikrokapsulak garunean sartu zizkieten, operazio sinple baten bidez. Ondorioak aztertu, eta behin txertatutako zelulak baso berriak sortzen laguntzen zutela konprobatzean, APP/Ps1 izeneko sagu transgenikoekin hasi zituzten saioak. Gizakien alzheimerraren parekoak dira sagu horiek dituzten sintomak, eta horregatik erabili dituzte ikerketan. Saguei zelulak txertatu, eta denbora batera hil egin zituzten, haien garunak aztertu ahal izateko, eta sagu arruntekin jasotako datuak baieztatu zituzten. Mikrokapsularekin odol basoek hobera egiten dute, eta garuneko zelulen heriotza kopurua ere gutxitu egiten da.
Saguak hil baino lehenago ere zientzialariek sumatu zituzten zelularen onurak, ordea. Epe motzeko memoria berreskuratu egin zuten mikrokapsularekin tratatutako sagu transgenikoek, Hernandezek dioenez. Hainbat test egin zituzten hori frogatzeko. Haietako bat kontatu du: «Kutxa batean sartzen da sagua, eta objektu bat aurkezten zaio, objektu berri bat. Kuriositate handiko animaliak dira saguak, eta berehala hasten da hura aztertzen. Gero, objektu ber horrekin batera, beste objektu berri bat ere sartzen zaie. Sagu arruntek objektu zaharrari denbora nabarmen gutxiago eskaintzen diote berriari baino. Sagu gaixoek, berriz, ez. Mikrokapsularekin tratatutako saguek, baina, objektu zaharra errekonozitu eta berriarekin hasten ziren jolasean. Epe motzeko memoriak hobera egiten duela froga dezake horrek».
Ezin azkar ibili
Oraindik bide luzea dute ikerketek, halere, saguetatik gizakienganaino, ikerkuntza taldearen hitzetan. Tratamenduaren patentea egina dute Europan, eta egite bidean AEBetan. «Entsegu klinikoa egitea litzateke hurrengo urratsa. Baina berme gehiago izateko esperimentu gehiago egin beharko lirateke animaliekin. Animalia handiagoekin, akaso, baina betiere teknika horren aukera klinikoak frogatzera bideratuta. Urte asko beharko dira oraindik, horretarako. Baina emaitzak oso itxaropentsuak dira».
Pazientzia behar oraindik. «Argi eta garbi utzi nahi nuke hori, oso garrantzitsua da», dio Hernandezek. «Ezinezkoa da orain esatea alzheimerraren aurkako tratamendua hemen denik. Ez da hemen oraindik. Oraindik lan handia dago entsegu klinikora heltzeko ere. Baieztatu egin behar dira lehenik ditugun datuak. Berme gehiago behar da. Halakoetan ezin da azkar ibili. Kontuz aritu behar da». Lehen urratsa baino ez da, beraz, Hernandezen hitzetan, eman dutena, baina izan daiteke lehen urrats bat.
Ezarian. Zientzia
Alzheimerraren aurkako mikrokapsulak
Saguei buruan odol basoak sortzen dituzten zelulak txertatuz gaitzaren aurkako bide berri bat ireki dute EHUko irakasle batzuek Espainiako elkarte batek 2010eko ikerketarik onena izendatu du horien lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu