Ez ahaztu alzheimerraz izeneko kanpaina jarri du martxan EITB taldeak, eta datozen egunetan albistegiek eta hainbat saiok erreportajeak eskainiko dituzte gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen lekukotasunekin. Informazio eta sentsibilizazio kanpainan eta abenduaren 14ko maratoian jasotako dirua ikerkuntzarako bideratuko dute.
Iaz bezala, aurten ere dirua eman ahal izango da www.eitb.com webgunean, Eventbis enpresak garatutako aplikazio baten bidez. Horrez gain, herritarrek 902-54 25 25 telefonora deitu ahalko dute laguntzak emateko.
Berrikuntza gisa, telefonoa eta kanpainaren leloa idatzita dauzkan eskumuturreko morea kanpainaren sinbolo bilakatuko da. Abenduaren 5etik aurrera, EITBko saioetako aurkezle eta kolaboratzaile ugarik erakutsiko dute eskumuturrekoa. Halaber, abenduaren 10ean Bilbon, Donostian eta Gasteizen eskumuturreko horiek banatuko dituzte herritarren artean.
2011, alzheimerraren urtea
Aurtengoa alzheimerraren nazioarteko urtea denez, EITB taldeak kausa horrekin bat egin eta bere esku dagoen guztia egin nahi du ikerketarako bideetan laguntzeko. Aurretik ere hartua du EITBk gaixotasun horren inguruko konpromisioa; 2002. urtean alzheimerra izan zen elkartasun maratoiaren protagonista: 380.000 euro bildu zituzten urte hartan, eta diru horrekin gaixotasunak eragindakoen bizi-kalitatea hobetzen lagundu zuten; besteak beste, etxez etxeko laguntza zerbitzuekin, tailerrekin eta senideentzako musika terapiako programekin.
Komunikazioa
Alzheimerraz ez ahazteko eskatuko du EITBren elkartasun maratoiak
Kanpaina bat egingo du abenduaren 14a arte, eta jasotako dirua ikerketarako bideratuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu