Euskal Herriko Laborantza Ganberaren gerizpean, Lurrama Baionan ospatzen ari duten une honetan, izen eta izanak aipatzeko gogoa pizten da, argi baita Lurrama, Ama Lur zerbaiten ume direla. Egungo egunean, ez gabiltzala gehiago mitoekin ustea badugu eta bere sineste eta iragan fede guztiak ukatzen dituen herri honetan badirudi modernitate zerbaiten lasaitasuna horrek dakarrela.
Gure auzoan, Ahurtin ehortzia den Roland Barthes-ek bere ohiko pentsakera distirantarekin erakutsi zuen, Mythologies bere liburuttoan, nola eguneroko hainbat gauza eta jarrera mito kapitulu horretan kokatzen diren. Diskurtsotik ekintzara, nola ezustezko jarrerak ditugun. Freud-ek ere zioen gizakia %20 kontzientea dela, baina %80 inkontzienteak agintzen diola.
Horrela ote ziren, garai batean, Herri Batasunaren mitin erraldoi haiek alderatzen ahal Lourdeseko diosesako beila nagusiekin edo, den gutienez, garai batean ezagutu ditugun halako eliza festa gaitzekin? Hitzaldi, animazio, prediku nagusi, musika, isiluneak-nork bere kontzientziaren etsaminatzeko-, eta ateratzeko une pozgarria, bere ite missa esten bukaeran, alleluia eta beste eslogan sarkorrekin...
Ziur aski, Ama Lurrak erakartzen gaitu: lurretik gatoz, lurrak hazten gaitu -noizbait ere hartuko gaitu-, gure arbaso zaharrek ez zuten gehiegi asmatzerik biziaren eta lurraren arteko loturaren egiteko. Ura, airea eta lurra bat dira gure biziarazteko: garbiak behar ditugu bizi ona edo bederen hobearentzat. Lurrak bizia dakar. Ez da harritzekorik ELB nekazari sindikatuak halako indar zuzenak biltzen dituela eta administrari teknokratek ez diotela buru egiten ahal. Natura noizbait irabazle: poztu gaitezen eta, zergatik ez, alleluia!
Ama Lur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu