Obrak hasi eta bukatu egiten dira sorkuntza prozesuaren barruan. Noiz jotzen du egileak amaitutzat obra, ordea? Nola hartzen du erabaki hori? Historiako artista handien artean, obra amaitugabe ugari daude. Sortze prozesuaren faseren batean geratu ziren, batik bat heriotzak harrapatu zuelakoegilea. Haatik, bukatu egin dituzte batzuen edo besteen ekime-nez. Gerra bat, gaztaroko saioak, dirurik eza… arrazoi anitzegon daitezke, dena den, konposi- zio bat, margolan bat, nobela bat edo arkitektura proiektu bat bertan behera gelditzeko. Buka- tu gabeko obra gehienak bazterrean geratzen dira halakoe- tan; egile ezagunak, maisulan handiak dira salbuespena.Ugari dira zirriborro bati jarraituz edo hastapeneko oharrei jarraituz bestek amaitu dituzten obrak. Ez dira izango zirena, direna baizik.
1. Musika
Mozart datorkio burura edonori bukatu gabeko konposizioak aipatzen hasita: Requiema (K. 626). 1791n, grisez jantzitako gizon ezezagun batek requiem bat eskatu zion Mozarti; gizon hark ez zion izenik eman. Konpositorea ahuldurik zegoen oso, gaixorik eta heriotzarekin obsesionaturik, eta sinetsi zuen pertsonaia horrek patua ordezkatzen zuela eta requiem hura beretzat (Mozartentzat) izango zela. Hil aurretik soilik hiru atal bukatu zituen koruarekin eta organoarekin: Intritus, Kyrie eta Dies Irae. Sekuentziaren beste zatietan, musika tresnen atala, koruak, ahots solistak eta baxu zein organoaren zati batzuk ere utzi zituen. Franz Xaver Suessmayr ikasleari oharrak eman zizkion, eta hark bukatu zuen Mozarten Requiem re minorrean.
Mozarten obra entzutetsu hori bezala, asko dira amaitu gabeko obra ezagunak musika klasikoaren alorrean. Esaterako, Johan Sebastian Bachen Fugaren artea. 1751n publikatu zuten amaitu gabe. Obrak hamalau fuga izan behar zituen, baina azkena idatzi gabe utzi zuen Bachek. Ez zuen oharrik utzi musika tresnen atalaren inguruan, ezta ordenaren inguruan ere. Horrek obraren bertsio ugari eragin ditu, baina denetan gertatzen da gauza bera: maisuak idazteari utzi zion lekuan uzten diote jotzeari musikariek.
GustavMahlerren 10. Sinfonia ere ezaguna da oso. 1910ean hasi zen hura idazten, eta 1911n, hil zenean, bakarrik lehenengo mugimendua zuen idatzia, nahiz eta obraren egitura orokorra sumatu. 10. Sinfonia Deryck Cookek osatu zuen, 1960an Anna Mahler (konpositorearen alaba) baimena eman ziezaion konbentzitu ondoren. Gerora beste egokitzapen batzuk egin dira.
Opera handien artean, bestalde, bada bukatu gabeko maisulanik. Giacomo Pucciniren Turandot da nabarmenena. Hiru atal ditu lanak, eta Puccini hil zenean azkena falta zuen idazteko. Franco Alfanori eman zioten hura bukatzeko ardura. 1926ko apirilean estreinatu zuten, Milango Scalan.
2. Pintura
Paul Cezanne inpresionistak makina bat margo utzi zuen bukatu gabe, baina ez da horretan salbuespena pinturaren maisu handien artean. Orain urte batzuk Cezanneren 120 obra bukatugabe jarri zituzten ikusgai Alemaniako erakusketa batean: 80 olio eta 30 akuarela. Bainulariak, Vallier lorezaina eta Madame Cezanneren erretratua, esaterako, zirriborro moduan utzi zituen artista handiak. Dena den, haren ikertzaileek diote artistak ez zuela aurrez probarik egiten; alegia, zirriborro horiek izango zirela margolan bukatuen oinarria.
Gilbert Stuart errege eta presidenteen erretratugile ezaguna izan zen, XVIII. mendean. Hark margotu zuen George Washington, eta nahiz eta haren potreta inoiz bukatu ez, dolar bateko billeteetan jarri zuten AEBetako agintariek. Zergatik ez zuen bukatu, ordea? Bitxia da, baina haren kopiak egitea errazago egiten zitzaion jatorrizko margoa bukatu gabe edukita, eta kopiak garai hartako ehun dolarren truke saltzen zituen.
Heriotza tabu da oraindik ere, baina badira lasaitasunarekin onartzen dutenak. Tiziano Vecellio XVI. mendeko pintorea bere hilobirako margo bat egiten hasi zen: Errukia. Bukatu aurretik hil zen, eta Palma gazteak bukatu zuen. Baina obra ez zuten sartu margolariaren hilobian azkenean.
Gustac Klimt XX. mendearen hasieran hil zen, bihotzekoak eman eta gero, eta neumoniak eta gripe espainiarrak jota. Bere tailerrean obra ugari geratu ziren amaitzeke. Naziek, boterea hartu zutenean, Klimten obra ugari hartu zituzten beretzat. Azkenean, arpilatutako margo guztiak erre egin zituzten, aliatuen gertutasunaren aitzakian.
Leonardo da Vinci handiak ere utzi zuen amaitu gabeko lan ugari. Ia diziplina guztietan aritu zen, eta zirriborro nahiz amaitu gabeko egitasmo ugari egin zituen. Pinturari dagokionez, Zaldi handia eta Magoen adorazioa aipatu behar dira. Jakina da XV. mendeko artistak egitasmo batetik bestera egiten zuela erraztasun handiz, baina Zaldi handia ez zen horregatik amaitu gabe geratu. Hamabost urte eman zituen hura sortzen. 1492an, zazpi metroko zaldiaren moldea aurkeztu zuen, baina hura brontze bihurtu aurretik Frantzia eta Italiaren arteko gerra piztu zen, eta Milango dukeak gerra egiteko bideratu zituen zaldiarentzat behar zuten 200.000 librak. Pizkundeko artistaren lehen obra handia, berriz, Magoen adorazioa izan zen. San Donato de Scopeto fraideen enkargua izan zen, eta Leonardok zirriborro batzuk egin zituen, bat oso landua, baina bukatu aurretik Milanera aldatu zen, eta obra ez zen sekula bukatu. Haren egokitzapen batzuk badira gaur egun.
3. Literatura
Literaturan hamaika dira amaitzeke geratu diren obrak. Literatura unibertsaleko izen handi batzuk aipatzearren, Frank Kafkak hiru obra utzi zituen amaitu gabe: Amerika, Gaztelua eta Prozesua.1911n hasi zen Amerika idazten (The Stoker ere esaten diote), baina hurrengo urtean baztertu zuen, eta idazlearen heriotzaren ondoren argitaratu zuten, amaitzeke, 1927an. Prozesua, berriz, 1925ean argitaratu zuen Max Brodek, Metamorfosia-ren egilearen eskuizkribu bukatugabeari jarraituz. Giro itogarrien maisuak bere trebezia erakutsi zuen, halaber, Gaztelua-n. 1922an abiatu zuen, baina ez zion astirik eman bukatzeko. Kafkak bera hil ostean —41 urterekin hil zen, tuberkulosiak jota— obra guztiak erretzeko eskatu zion Max Brod lagunari; Brodek ez zuen bete eskaera hori, eta egilearen obra osoa eman zuen ezagutzera.
Charles Dickensek berak bukatu gabe utzi zuen obra bat: Edwin Drooden misterioa. Aldizkari baten bidez sailka ematen ari zen, 1870ean. Idazlea 58 urte zituela harrapatu zuen heriok, eta nobelaren hari nagusia osatzen zuen hilketa nork egin zuen jakin gabe geratu ziren irakurleak. Hainbat izan dira nobela bukatzen saiatu diren idazleak.
Ernest Hemingway Agur armei nobelaren egile ezagunak ere utzi zuen amaitu gabeko nobela bat: True at Firs Light. 850 orrialdeko lana izan behar zuen, baina 320 orrialderekin eman zuten argitara. Patric idazlearen semeak kaleratu zuen, 1999an, aitaren jaiotzaren mendeurrenean.
F. Scott Fitzgerald (The Love os the Last Tycoon), Edith Wharton (The Bucanners), Frances Sheridan (The Whisperers), Robert Luois Stevenson (Weir of Hermiston), Irene Nemirovsky (Suite frantsesa)… asko eta asko dira bukatu gabeko obra garrantzitsuen zerrendan sar daitezkeenak. Gabriel Aresti berak ere utzi zuen lan bat amaitzeke. Harri eta herri-ren egilea Don Kixote Manchakoa ari zen itzultzen; liburuaren lehen zortzi kapituluak itzuli zituen. Susak argitaratu zituen estreinakoz, 1986an, Arestiren lan guztien bilduman.
4. Besteak
Arkitekturan, zineman, antzerkian, komikigintzan… artearen diziplina guztietan aurki daitezke kalitate handiko obra amaitugabeak. Gaudiren Familia sakratua izan daiteke adibide argienetakoa arkitekturaz ari bagara. 1882an hasi ziren hura eraikitzen, eta oraindik urte asko falta dira lanak amaitzeko. Beste proiektu batzuk hasi orduko utzi zituzten bazterrean. Esaterako, Sobietsen jauregia. Moskuko eraikin nagusietako bat izan behar zuena eraiki gabe geratu zen II. Mundu Gerraren hasieran.
Zineman ere film ezagun ugari dago, aktore edo zuzendari ezagunenak direlako eta amaitugabe geratu zirelako. Bi adibide soilik: Game of Death eta Que Viva México! Bruce Leerena lehena eta Sergei Eisesteinena bigarrena. Jeet Kune Du borroka estiloaren maisuak 40 minutu filmatu zituen bakarrik, erabat argitu gabeko egoeran hil zelako. Bestalde, Que Viva México! amaitu gabe utzi zuten, ekoizpenak eman zituen arazo anitz tarteko; gerora, eragin izugarria izan du lan horrek, estilo mexikarra finkatu baitzuen.
Amaitugabeak
Leonardo da Vinci, Cezanne, Mozart, Bach, Kafka, Dickens… Artista asko harrapatu ditu heriotzak obra bat sortzen ari zirela. Artelan horietako batzuk gerora amaitu eta oso ezagun bihurtu dira egileen izen handien itzalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu