Travis Good. The Sadies taldeko musikaria

«Anaiak eta biok countrya gorroto genuen, 24 urterekin maitemindu ginen arte»

Euren musika country-rock-psikodeliko gisa deskribatzen du gitarra-biolin-jotzaile eta abeslariak. Datorren astean Andre Williamsekin aterako duten diskoaz mintzo da.

Edu Lartzanguren.
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Travis Good (Aurora, Kanada, 1968) The Sadies taldeko bihotza da, Dallas anaia txikiarekin. 1998. urtetik ari dira euren musika nahasketa zuzenean jotzen eta grabatzen. Beste musikari batzuekin lan egitea gustuko dute, Andre Williamsekin, John Doerekin, besteak beste. Azkena aretoan joko dute gaur, 21:30ean, Bilbon, Holy Family taldearekin.

Kritikari batzuek alfer deitzen diete zuen musika country-rock gisa deskribatzen dutenei. Zuek arazoren bat duzue deskripzio horrekin?

Deskripzioa zuzena da. Rocka da baina baita country ere; horiek dira eragin nagusiak, baina gauza gehiago ere esan daitezke.

Agian, zuen gurasoak country musikariak direlako jarri dizuete etiketa.

Gurasoen etxea country klasikoko diskoz beteta zegoen. Haurra zarenean, ordea, eraginak ez du beti funtzionatzen. Dallas anaiak eta biok gorroto genuen countrya gaztetan. Punk rocka etametala maite genuen, hau da, countrya ezezik, edozein gauza. Ez nuen musika hori gogoko izan 24 urte-edo nituen arte. Bluegrassekin hasi nintzen maitemintzen, ziurrenera, punk rocka bezain azkarra zelako. Eta hortik hasi, eta dena gustuko nuen arte.

Azken diskoak Darker Circles du izena, eta ezin da ukatu hitzak, behintzat, ilunak badirela. Countrya ez al zen ondo pasatzeko musika alaia?

Denok idazten ditugu hitzak, baina anaiak egiten ditu gehienak. Ez genituen goibel samarrak apropos egin, baina saiatu ginen denak lotzen. Ez da disko kontzeptuala, ez pentsa, baina antzeko giroa eman nahi genien denei. Gainera, The Sadies sortu ziren, Dallasek eta Seanek tresna akustikoak erosi zituztenean. Ikasi zituzten lehen kantak hilketa balada zaharrak ziren. Horietan, askotan, Sadie du izena neskak, biktimak. Mutila Willie izaten da, eta gertaera lazgarria erreka zuloan gertatu ohi da [down by the river].

Datorren ostegunean beste disko bat aterako duzue, Andre Williamsekin elkarlanean. 1999. urtean Red Dirt grabatu zenuten harekin. Ez zineten konforme disko hurarekin?

Asko maite dugu lehen diskoa. Baina duela bost urte Andre ikusi genuen Texasen, Austinen. Oso gaizki zegoen: kartzelatik atera berri zegoen, asko edaten ari zen, eta ez zuen ematen asko biziko zenik... Ez dut gustuko hau esatea, baina iruditu zitzaigun zer edo zer grabatu behar genuela berarekin, gizonari agur esateko edo. Sei bat abesti egin genituen, eta oso ondo pasatu genuen. Handik sei hilabetera, deitu egin genion galdetzeko zer egingo genuen grabatutakoarekin. Morroia primeran zegoen, drogak eta alkohola erabat utzita... Harrituta geunden. Estudioa alokatu genuen, eta eraman genuen grabatzera. Beste pertsona bat zen. Horregatik jarri diogu diskoari Night and Day [Gaua eta eguna].

AEBetako bizimoduari kritika egiten diozue, kanadarrak zaretelako?

Kanta askok zama politikoa dute, kartzelaren eta AEBetan bizitzearen ingurukoak direlako. Baina Andreren kanta tipikoak ere badaude, badakizu: sexua eta drogak. Halere, kritika egitekotan, Kanadako gobernuari egingo nioke. Lehen ministroa oso kontserbadorea da; geure arazo propioak ditugu han goian. Bira honetatik bueltan estudioan sartuko gara Toronton, hurrengoa grabatzera.

Beti bezain dotore agertuko zarete gaur Bilbon?

Country taldeen janzkera klasikoa da: trajea eta gorbata. Lehen egunetik horrela agertu gara, eta gero jendeak gu horrela ikustea espero du. Jantzi berria dut Bilborako, eta irrikitan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.