Ikusi ditut zuek gizakiok sinetsiko ez zenituzketen gauzak. Gerraontziak sutan Oriondik harago. C-izpiak iluntasuna argitzen, Tannhauserren Atetik gertu. Ikusi ditut Iruñeko Alde Zaharreko karrikak uztailaren 7an jenderik gabe, eta terrazak nahiz dantzalekuak lepo. Ikusi ditut kolore askotariko poliziak —tira, hori agian sinetsiko duzue—, borrak, pistolak eta metrailadoreak eskuetan, jenderik apenas hartzen duten kale kantoiak zaintzen, gertatuko ez diren «pilaketak» eragozteko.
Ikusi dut alkate bat San Fermin eguneko mezan, lehen lerroan eta jendez inguraturik, besteentzako «segurtasun neurriak» eta beretzako «askatasun pertsonala» esaldi berean aldarrikatzen. Ikusi ditut hedabide asko, bertokoak nahiz kanpokoak, «sanferminetako unetxo inprobisatuak» fabrikatzen, eta jendeari gauzak kameraren aurrean egiteko eskatzen.
Ikusi dut gazte bat German Rodriguezen omenezko ekitaldian, kazetari bati «zer da hau guztia?» galdetzen —gaztelaniaz jatorrizko bertsioan—; eta erantzuna jasota, zera erantzuten: «Hara! Bueno, banoa Zarara». Ikusi ditut sanferminak izan nahi baina festen erreplikante hutsalak diren egunak. Une horiek guztiak galdu eginen dira, zorionez, malkoak euritan bezala.
FERMIN 'EZ-DEUNA'
Erreplikanteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu