Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Espainia alegiazko baten alde

2013ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Hedabide guztiek jaso dute —edo, ados, ia guztiek—, hain izan da eskandalagarria: Espainia aldeko telebista publikoak, 24 Horas kateko Parlamento saioan, M-11ko atentatuak eta ETA lotzen dituen erreportaje bat eman du. Urtero Espainiako Kongresuak «terrorismoaren biktimei» eskaintzen dien omenaldiaren harira, hiruzpalau minutu iraun duen bideotxoan, zera esan dute: «Hiru urte baino gehiago dira ETAk ez duela ekintza bortitzik egin, baina gure memorian iltzatuta daude Hipercor edota M-11ren gisako atentatuak». Esaldiak eman dezake anbiguotasunerako, baina teleikusleak egiten duen lehenengo interpretazioa argia da: ematen du ETAk eginak direla bi atentatu horiek. Eta, hartara, konspirazio teorietara lerratu da, ia hamar urteren buruan berriz, Espainia aldeko telebista publikoa. Nahiz gero komunikatu baten bitartez barkamena eskatu duten eta asmoa hori ez zela adierazi. Horren guztiaren harira, halere, interpretazio positibo bat egiten dut nik, digresio itxuran: Parlamento saioa ekainaren 27koa da; uztailak 1 astelehenera arte inork ez zuen ezer arrarorik igarri, notizia leku guztietan —edo, ados, ia guztietan— agertzen hasi zen arte. Alegia, hedabideek oraino balio dutela boterearen kontrola egiteko, baldin bada ere botere hori beste hedabide batzuena.

Hedabide gutxiagok jaso dute, aldiz, beste lapsus garrantzitsu bat. Erreportaje berak, hamaikagarrenez, ETAri leporatu dio Begoña Urroz haurtxoaren heriotza, «talde terroristaren lehen biktima» gisa definituta. Nahiz eta Poliziaren txostenek ere esan zuten DRIL izeneko taldeak eragin zuela 1960an heriotza hura. Eta hemen ez da izan komunikaturik, ez barkamen eskerik. Ez dira kontziente ere hanka sartu dutela. Edo bai, eta jakinaren gainean ari dira gezurretan.

Hedabide bakar batek ere ez du aldarrikatu, ordea: Espainia egiten ari dira espainiarrak, euren historia, euren nazioa ari dira asmatzen, Santi Leonek defendatzen duenaren harira. Eta euren buruari azaldu nahi dioten historia horretan, ETAk hil zuen lehena izango da Urroz. Eta M-11ko atentatuak ETAk egin zituela ez dute esango, segur aski, kontsentsu nahikoa ez dagoelako puntu horretan. Eta eskubide osoa dute, segur aski, Espainiako nazioa modu horretan asmatzeko. Ez dut nik kontrakoa esango. Nazio modu horrek, ordea, aldentzen nau gero eta gehiago haiengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.