Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Gaitzaren arrunta

2013ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Totalitarismoa bakoitzaren gogoeta eskasiaz hazten dela eta horrek barbariari bideak zabaltzen dizkiola, horra Margarethe von Trotta zinemagile alemaniarrak Hannah Arendt filmearekin eskaintzen digun gogoeta handi eta gaurkoa.

Adolf Eichmann buruzagi nazia Argentinan bahitu, eta israeldarrek Jerusalemen epaitu zuten 1960ko hamarkadaren hasieran. Hungariako juduak deportatzea eta hiltzea leporatzen zioten bereziki. Auzi sinboliko bat egin nahi zuten shoah delakoaren arduradunetarik baten aurka. New Yorker aldizkariak Hannah Arendt intelektual ezaguna kazetari gisa bidali zuen; jatorriz judua zen, Alemanian sortua, eta nortasun amerikarra zuen orduan. Judu agintarien ezustean, Arendtek auziaren bidegabekeriak erakutsi eta salatu zituen, auzi politiko honek aurretik urkatzera zigortua zeukala Eichmann. Hori funtzionario arrunt bat bezala mintzatu zen, «aginduei obeditzen zuela» erakutsiz, etengabe. Inondik ere bere lana kriminal batena kontsideratzen zuela. Israeldar botereak, haren lagun batzuek eta amerikar lobby juduak bost eginahalak egin zituzten artikuluen ez agertzeko, mehatxuak eginez ziotela «harrotasunez eta sendimendu eskasez» aritzen zela. Gehituz ere bere populua ez zuela «maite». Arendtek «ulertzera saiatu behar» zela azpimarratzen zuen, hori ez zela «barkatzea», erakutsiz Eichmann gizon «normala» zela eta, oro har, normal horiek krimen handienen egiteko gai zirela.

Euskal Herrian bortizkeriaz hainbat gogoeta diren garaietan, bada film eder horretan hartzeko mamirik. Besteen bortizkeria ulertzeko, salatarien jarrerak argitzeko, biktimen egoera soleitzeko eta berdin ere «pentsakera libertatearen» hazteko. Gaitzak denak jotzen baikaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.