KRITIKA. Telesaila

Gotorlekua urrun dago oraindik

Rose of Dollsek Hodei protagonistaren rola jokatzen du Otsoen lurraldean telesail digitalean. SERIESLAND.
urtzi urkizu
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun

'Otsoen lurraldean'

Zuzendaria: Oliver Mend. Aktoreak: Rose of Dolls, Ane Lindane, Oliver Mend, Gaizka Narvaez. Herrialdea: Euskal Herria. Atalak: 10 (bakoitza 7-10 minutu inguru). Generoa: Zientzia fikzioa. Non:vimeo.com/channels/otsoen

Euskal Herrian girotutako mila distopia egin daitezke; egiteko daude. Baina ikus-entzunezkoetan ez dira ia egin orain arte, Otsoen lurraldean telesail digitala iritsi den arte. Beñat Iturriozen eta Xabier Padinen Ataun of the Dead eta Joxean's Hil Eben B saileko film dibertigarriak izan daitezke adibide gertukoenak —trilogiako hirugarren filma 2019an iritsiko da—. Euskal Herrian badauzkagu hamaika pertsonaia eta mito forma ezberdinetan berpizteko modukoak, gizarte futuristekin uztartzeko aproposak. Oliver Mendek eta Rose of Dollsek, kasu honetan, euskal mitologiako hainbat pertsonaia egokitu dituzte Bizkaia apokaliptiko batean: Tartalo, Basajaun, Mari... Abiapuntu gisa, ideia ez dago batere gaizki. Proposamena iradokitzailea da.

Rose of Dollsek pertsonaia indartsu bat interpretatzen du: Hodei. Kiran txakurrarekin eta Herensugea katanarekin egiten du aurrera, ur eskasian den mundu gogor batean. Pertsonaia feminista dela esan daiteke, inoiz kikiltzen ez dena. Haren ahotan entzun daiteke gaurkotasun handiko esaldi bat: «Millennials puta hauek». Amets gazteaz (Ane Lindane) ari da Hodei.

Tartalo gaiztoarena egiten du, berriz, Oliver Mendek. Eta ukitu goreko eszena batzuk jokatzen ditu, tarteka atsotitzekin jolas egitearekin batera. B saileko zaleentzat eta nerabe askorentzat amu ona izan daiteke Tartalo gaizto eta zital hori.

Gogortasunetik eta hoztasunetik abiatzen da abentura lehen ataletan. Baina azkenekotan lirikotasun erromantiko bat iristen da, pixkanaka, ekoizpenaren estilo propioari muzin gabe. Bigarren denboraldi baterako leihoak zabalik egon daitezkeela suma daiteke, bide batez.

Ez da, ordea, dena urre kolorekoa Otsoen lurraldean telesailean. Elkarrizketa batzuetan naturaltasun falta nabarmenegia da, euskara akats batzuk ere entzuten dira, eta ez da argi gelditzen zeren arabera erabiltzen duten pertsonaia batzuek hika edo zuka. Ez litzateke txarra izango halako ekoizpen berrietan euskara arduradun zuzentzaileak kontratatuko balira —ez ditugu inoiz nahikoa goraipatuko Goenkale-n lan horretan aritu zirenak—. Euskaraz hain fikzio gutxi ikusteko aukera dagoenez, arlo guztiak ondo zaintzea merezi du. Ikusleek halako gehiago eska ditzaten, esate baterako. Dena sinesgarriago izan dadin, prefosta.

Berri on bat aipatu beharrekoa da: Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du euskarazko telesail digital bat. Hodeik eta Ametsek bilatzen duten gotorlekua urrun dago oraindik. Euskarazko telesail borobilik ez dugu egun, baina distopiak amesteko daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.