Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Kazetari ukiezinak

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Morrontza keinua. Soka luzea ekarri du Las mañanas de RN1 saioko zuzendari Iñigo Alfonsok Pedro Sanchezekin RN1 irratian asteazkenean egindako elkarrizketak, horrek esan baitzuen estatuko fiskala gobernuaren esanetara dagoela. Hark baztertuxea utzi du politikan ez ezik irratigintzan ere kritikak eragin behar lituzkeen beste detailea: irrati esataria Moncloara joan zen elkarrizketa egitera. Zaila baita ulertzea irrati publikoak hautagai bati eskaini dion salbuespeneko kontzesio hori; Alfonsok irrati estudioan edo telefonoz egin ditu hauteskunde kanpainako gainerako elkarrizketa guztiak. Eta ez da ahaztu behar hauteskunde batzordeak Sanchezi berriki espedientea ireki diola kanpaina egiteko erakundeen baliabideak erabiltzeagatik, Antonio Ferrerasekin LaSextan eduki zuen solasaldia zela eta.

Sanchez, etxean. RNk eskaini zion koberturagatik Sanchez eroso aritu zela adierazi zuen Iñaki Anasagastik Boulevard-eko tertulian, ostegunean, Radio Euskadin. Iñigo Alfonsoren lana auzitan jarrita, eta agudo batean, Carmen del Riego solaskidea aipatu kazetariaren profesionaltasuna defendatzen ahalegindu zen.

Kritikariak kritikatuak. Kataluniako hainbat kazetari eta haien irudiak kritika gordinen jomugan jarri dira egunotan. Batetik, Xavier Sarda, Mayka Navarro, Estefania Molina, Xavier Rius, Laura Fabregas eta Joan Guirao kartel anonimoetan agertu dira Bartzelonako kaleetan, Ibex 35-aren zerbitzura dauden «informazioaren terroristatzat» jota. Eta, bestetik, Vicent Sanchis, Toni Soler, Lidia Heredia, Cristina Puig, Xavier Graset eta Pilar Rahola «supiztaileak, bufoiak eta gorrotoaren zaldunak» direla esan du Pedro J. Ramirezen El Español egunkari digitalak. Hainbat hedabidek bazterrak harrotu dituzte, kartelen kontura batez ere; egileak delitugiletzat jotzeko eskatu dute kazetarien zenbait elkartek, kazetaritzaren jarduera askea galarazten omen dutelako. Ez da berria kontua, kazetarien ukiezintasun sakrosantuarekin egin baitugu topo; are gehiago, «guretarra» denean ukitua. Bada, latzak, estilo zakarrekoak... izan daitezke kazetari horiei egin zaizkien salaketak. Baina kritika askearen jokoan onartu beharrekoak behar lukete izan. Hamabiko zerrenda osatzen duten batzuei entzun edo irakurri izan dizkiegu antzeko perlak beste inorengatik; azala eginda beharko luke honezkero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.