Lide Hernando.

Komediaren hortzak

2024ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun

Netflix plataforman duela gutxi estreinatutako Baby Reindeer telesailarekin bueltaka jarraitzen dut. Badakit duela pare bat aste artikulu oso bat eskaini niola; baina arropak garbigailuan nola, istorio honekin lotutako pentsamenduek zentrifugazioan jarraitzen dute nire garunean, ezin ihes egin. Bertan kontatzen den istorio latzak baino, istorio hori kontatzeko moduak gatibatu nau gehien. Zeren, bai muntaiaren frenetismoak, baita narratzailearen tonu ironikoak ere telesaila komikoa dela iradokitzen dute, gerora horri guztiari kontra egiten dion drama bat aurkezteko.

Ez da oso urrunera joan behar telesail honen familiako beste batzuk topatzeko: gertuen sumatzen dudana Michaela Coelen I May Destroy You litzateke; bi sortzaileek, gidoigile eta aktore lanak egiteaz gain, iraganean gertatutako trauma bat hartu baitute abiapuntu, eta trauma horri komediaren hortzak erakutsiz egiten baitiote aurre azkenean —edo ez—. Fleabag ere, nahiz eta apur bat urrunago egon, izan liteke Baby Reindeer-en senide, modu bikainean egiten baitu sigi-saga komediaren eta dramaren artean.

Interneten bilaketa egin, eta ikusi dut umore mota honek baduela izena: antikomedia omen da, eta Andy Kaufman legendarioaren lanean omen du oinarria. Antikomediak komedia gisa aurkezten du bere burua ikuslearen aurrean, gero norabide ezberdinean doan sentimendu bat eragiteko: drama izan ohi da istorio horien bukaera ohikoenetako bat, baina beste batzuetan ikaran edota surrealismoan ere amaitu izan dira. Ikuslea, barre egiteko unearen zain, iruzurtuta sentitzen da hasiera batean, baina gertatutakoari bigarren buelta bat eman ostean, egoera ulertu, eta bidaia emozional hori balioan jartzen du.

Interesgarria eta, paradoxikoa dirudien arren, didaktikoa iruditzen zait antikomedia. Azken batean, Baby Reindeer-ek ez baitio ikusleari umorearen bitartez trauma horren irakurketa erraztu nahi; aitzitik, bizitzaren goxotasun komikoa dinamitatu nahi du momentu oro, ikuslea protagonista bezala sentitu dadin: biolento, arraro. Baina sentimenduen bidaia horretatik, azken batean, enpatiaren bitartez lortzen dugu sortzaileak kontatu nahi izan duen hori ulertzea. Soilik traumaren shockaren zatitxo bat sentituz ulertuko baitugu eurek bizi izan dutena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.