Normaltasunak bizi gaitu. Sanfermin «normalak» aldarrikatzen ditugu, entzierro «normalak» eta elizkizun nahiz prozesio «normalak». Normaltzat jotzen ditugu parrandan dabiltzan gazte arrunt normalek eginiko gehiegikeriak. «Beti gertatu izan dira halakoak». «Hainbeste alkohol edan eta gero, zer espero duzu?».
Entzierroko zenbait lasterkarik eserialdia egin dute egunotan, protesta gisara, sanferminak «desnaturalizatzen» ari direla salatzeko. Garai bateko entzierroen mira dute: horiek bai entzierroak, eta ez oraingo lasterketa modernoak! Argudiatzen dute duela 30 edo 40 urteko entzierroen xarma berreskuratu nahi dutela: joan daitezela idiak mantsoago, udalak ez ditzala hainbeste segurtasun neurri jarri, eta zezenak eror daitezela Mercaderes karrikako bihurgunean. Izan dadila dena orain arte bezala, arriskutsuago eta odoltsuago. Areagotu dezagun animalien sufrimendua, ikuskizunaren mesedetan.
Enrique Maiak, bere burua normaltasunaren alkate izendatu zuen horrek, «entzierroari buruz hitz egiteko» konpromisoa hartu du, kexak isilarazteko asmoz. Ez da ukitu nahi duen gai bakarra: buelta bat eman nahi dio uztailaren 7ko prozesioari, jendeak alkateari txistu eta oihu egiteak «tradizioa normaltasunez egitea eragozten duelako». Lekuz aldatu nahi du Herri Sanferminen gunea ere, auzokoen bizimodu «normala» aitzakia gisa hartuta —gainerako ekitaldiek ez dute eragozpenik sortzen, antza—. Eta, agian, gogoeta behar dutenak ez dira azken urteotako aldaketak, normaltasun kontzeptua baizik; eta zerbaiti buelta ematekotan, ez al diogu buelta eman beharko festaren ereduari berari?
Sanferminak Iruñean. PERTSONA NORMALEN FESTAK
'Normaltasun' kontzeptu higatu hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu