Bazen garaia. Lau urteko gehiegikeria eta fundamenturik ezaren ostean, heldu dira ordena eta legearen inperioa. «Pertsona normalen gobernu batek» hartu du agintea Iruñeko Udalean [esamoldea ez da nirea, Enrique Maia alkateak berak esan zuen hauteskunde gauean], eta, aurtengo sanferminetatik hasita, hiritar normalei zuzendutako politika normalak eginen ditu. Euskara? Feminismoa? Memoria historikoa? Pff... txorakeriak! Sanferminak egin behar dira egin behar diren moduan, hau da, era tradizionalean: zezenak, santua eta Don Simon —sangria edo udaltzainburu ohia, irakurleak hauta beza nahiago duen ajea—.
Eta nabari da (des)aldaketa. Lehen egunetik sumatu dugu, aurten bai, honako hauek direla pertsona normalentzako festa normalak: Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Foruzaingoak eta Udaltzaingoak, esaterako, normaltasun osoz okupatu dituzte aldirietako errepideak eta erdiguneko karrikak, eta jada ahaztua genuen normaltasunez oldartu zaizkie herritarrei. Garai batean oso ohikoak ziren borra luzagarriak ere erabili dituzte, normal-normal, jendea kolpekatzeko. Eta herritar soilak bakarrik ez: ikurrina balkoira atera nahi duten zinegotzi abertzaleei ere egurra eman die Normaltasunaren Poliziak, garai batean HBko hautetsiekin egiten zuten legez.
Finean, nostalgiko hutsak baitira Iruñeko agintari berri-zaharrak: atzera egin nahi dute, Barcinaren garaiko —edo, are, Alfredo Jaimeren urteetako— revival bat egiteko. Ahaztu Stranger Things, ikuskizun nostalgikorik onena egunotan ikusiko baitugu, Iruñean. Itzuli da 90eko hamarkada, eta, horrekin batera, baita pertsona normalen sanferminak ere.
Sanferminak Iruñean. PERTSONA NORMALEN FESTAK
Poliziaren alarde tradizionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu