Astelehen goizean, Euskadi Irratian egon zen Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Aste Nagusiaren harira elkarrizketa egin zioten, eta hala galdetu zion kazetariak: «Duela bi urteko Aste Nagusiarekin alderatuta, Bilboko Udalak ia bikoiztu egin du festetako segurtasun operazioan parte hartuko duten udaltzainen kopurua. Zergatik eta zertarako horrenbesteko segurtasuna, behin eta berriro aldarrikatu izan duzuen moduan Bilbo hiri segurua bada?». Alkatearen erantzuna: «Hiri segurua izaten jarraitzeko». Jaigunea zaintzeko udaltzainen kopurua handitu du udalak, eta hori salatzeko kalejira egin zuten konpartsek txosnagunean. Areago, horien «jarrera gogorra» gaitzetsi zuten, batez ere kaleko saltzaileekin dutena. Hurrengo egunean egindako beste elkarrizketa batean, alkateak bueltan erantzun zien konpartsei gizartearen aurkako bidean doazela.
Jaiguneko segurtasunaren inguruko eztabaidak bete-betean hartu du aurtengo Aste Nagusia. Are gehiago asteazken iluntzean hainbat udaltzain eta ertzainek kaleko saltzaileei materiala kentzean sortu zen liskarra sortu eta gero. Jipoi banaketa «neurrigabea» salatu dute konpartsek. Bilbao Dendak merkatarien elkarteak, kontrara, udalaren jarrera babestu du, «legez kanpoko kaleko saltzaileen» aurka lan egiten jarraitu dezaten. Batzuentzat salmenta hori segurtasunaren aurkakoa baita, eta besteentzat, ordea, udaltzainen eta poliziaren jarrera «oldarkorra». Dena den, gauza bat argi geratu da: kalean udaltzain gehiago egoteak ez duela bermatu alde batek eta beste aldeak eskatzen duten segurtasuna.
MARIJAIAREN ESAMESAK
Segurtasuna ez da gauza segurua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu