Andeen bihotza, iruditan

Peruko biztanleen egunerokoa argazki erakusketa batean jaso du Huancavelicaren Lagunak erakundeak

Huancavelicako haurrak, hango jantziekin. HUANCAVELICA ERAKUNDEA.
Erredakzioa
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Peruko Huancavelica herriko biztanleen bizitza ezagutzera eman nahi du Huancavelicaren Lagunak garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak. Horretarako, Andeen bihotzerako bidaia erakusketa antolatu du Ermuan (Bizkaia). Gaurtik hilaren 10era arte ikusi ahal izango da, Lobiano kulturgunean.

Duela urtebete inguru ateratako hamabost bat argazki bildu dituzte erakusketan. Haurren argazkiak, sukaldaritzaren ingurukoak, errepideenak, hango jantzi tipikoenak nahiz emakumearen funtzioa erakusten dutenak aurki daitezke bilduman. Irudiekin batera, testuingurua azaltzen duten iruzkinak prestatu dituzte. Horien bidez, «garatzeko bidean dauden herrialdeetako errealitatea iparraldeko herritarrei erakutsi nahi dute» Huancavelicaren lagunek.

1995. urtean sortu zuten erakundea, herrialdeak duen egoeraren berri eman eta etorkizun latzari aurre egiten laguntzeko. Biztanleen kultur nortasunari eustea ere helburu dute, «gehienbat ketxuarra errespetatzea». Materiala bidaltzearekin batera, garapenerako hainbat programa prestatu dituzte, baita irakaskuntza eta elikadura egokian laguntzeko proiektuak ere.

ARGAZKI ERAKUSKETA

Zer. Andeen bihotzerako bidaia, Huancavelicako herritarren irudiak.

Noiz. Gaurtik hilaren 10era arte.

Non. Ermuan (Bizkaia), Lobiano kulturgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.