Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Andoaindik dator notizia

Xabier Lasa.
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Beste lezio bat. Kasuren bat gertu-gertutik bizitzea egokitzen zaizunean ohartzen zara prentsak gizartea manipulatzeko eduki dezakeen botereaz eta arteaz. Kazetaritza fakultateetan aztertzeko beste lezio praktiko bat eskaini digute egunotan. Aztergaia: artifizialki nola puztu polemika bat, partzialkeriaz jokatuz. Aitzakia: Andoaingo alkate Ana Carrerek bizkartzainei udaletxean sartzea debekatu izana. Albistegietako tituluek eta tertuliek alkatea jomuga izan dute, deskalifikazio pertsonalen eskutik maiz (ariketa polita txosten batean biltzea esan-idatzi den guztia…). Peridis-en El País egunkariko umorezko tirak ilustra dezake pitin bat pertsona batekiko lintxamendu giro hori: galarazteko aginduaren arrazoia emateko eskatzen dio batek alkateari. Hona haren erantzuna: «Ez gara horren tentelak, geure buruari lehergailuak jartzeko».

Bizkar emanez.Alde bateko bertsioari irrati mikroak eta telebista kamerak jarri zaizkio eskura erruz, beste aldeari (protagonista nagusiari) bizkar emanez. Alderdi humanitarioa (zinegotzien segurtasun pertsonala) zabaldu digute arrazoi nagusi gisa. Baina inori ez zaio otu udaltzainen buruari zera galdetzea: udaletxean nola daukazue segurtasunaren kontua? Are gutxiago otu zaie kontsultatxoa egitea udal langileei edo herritarrei nola ikusten duten kontu hori. Hori bai, Andoaingo soziologian aditua den makina bat esale eta iritzi emaile aurkeztu digute, makina bat sasijakintsu bertakoen iritzi eta nahien interprete gisa. Andoainera jakin gosez etorri izan balira, aurreiritziek ametitu ez dien errealitatea ikusi ahal izango zuten. Adibidez, kexu den zinegotzi horietako bat arratsalde oso bat bizkartzainik gabe kalean gora eta behera San Joan egunean, Andoaingo kaleak jende ezezagunez gainezka jartzen den egunean.

Gorka Bereziartua.Irrati zutabegile bikain baten gisa ageri zaigu astero uhinetan; Euskalerria Irratian (Arratsalde.on, astelehenetan) zein Euskadi Irratia-n (Arratsean, ostiraletan). Kritikarik burutsu eta garratzenak mintzaera natural batez egiten dizkigu. Herenegun izuaren mezua ardatz hartuta zenbait komunikabidek sortu duten «norteko gerrari» loturiko genero literarioa izan zuen ardatz Bereziartuak. Gomendagarria zutabe hura eta gainerakoak (www.argia.com/boligrafo-gorria haren blogean aurki daitezke).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.