Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Andoni Aldekoa proposatuko diola Eusko Legebiltzarrari EITBko zuzendari berria izateko. Hala, Maite Iturbek azken bi legealdietan izandako kargua hartuko luke bere gain. Egun, Euskalduna Jauregiko zuzendaria da Aldekoa.
Aldekoa kazetaria da, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren konfiantzazko karguak izan ditu azken urteetan; besteak beste, Lehendakaritzako komunikazio arduradunarena. Aurretik, Iñaki Azkuna Bilboko alkate zenaren gertukoa ere izan zen, haren komunikazio zuzendari ere izanda. Basque Country irudi egitasmoan aritu zen.
Jaurlaritzako iturrien arabera, Iturbek ez jarraitzeko asmoa adierazia zion lehendakariari. Gauzak hala, Aldekoaren hautagaitza PSE-EErekin adostua dela nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak datorren asteartean du hurrengo bilera, eta orduan egingo dute ofizial Aldekoaren proposamena. Hark Eusko Legebiltzarraren onespena beharko du, baina ez du arazorik izango, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute.
Iturbe zazpi urtez egon da karguan, eta hainbat arazo eduki ditu horretan. 2015eko otsailean, haren dimisioa eskatzeko mozioa eztabaidatu eta onartu egin zuen Eusko Legebiltzarrak. Irrati publikoetan 30 lanpostu kentzeko erregulazio espedientea aurkezteagatik eskatu zuten dimisioa.