Zorra kitatu du Iruñeko Udalak. Nafarroan abortuak egiteagatik jazarriak izan ziren Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa 1987. urtetik aurrera. Legea betez egin zuten lana, baina "medikuen izen onaren kontrako gorroto kanpaina bat" abiatu zutela salatu du Sesmak gaur goizean Iruñeko Udalean egindako ekitaldian. "Bi urte iraun zuen, eta, abortuaren kontrakoen erresistentziaren ondorioz, abortuak egitea ez zen posible izan Nafarroan". Epaiketen eta jazarpen mediatiko eta sozialaren aroa bukatua da, ordea, eta Iruñeko Udalak egindakoa eskertu die.
Joseba Asiron alkateak saritutako hiru ginekologoek emandako "irakasgaia" eskertu du, eta bere balioa aitortu: "Gaurko eguna garrantzitsua da, guzioi dagokigun borroka bat delako: sexu eta ugalketa hezkuntzaren aldekoa". 1978an legeztatu ziren antisorgailuak Hego Euskal Herrian, eta orduan sortu zuten Andraize, sexu eta ugalketa osasunerako arretarako zentroa. Herri ekimenez sortu zuten, eta hiru ginekologoak zentro horri estuki loturik izan dira hasieratik. "Gaur egun eskubidetzat jotzen duguna aldarrikapen soziala zen duela 30 urte, eta Andraize egon zen erdigunean", azaldu du Asironek.
Sanchez-Valverdek gogorarazi du saria ez dela soilik beraiena, atzean jakintza-alor anitzeko talde bat baitzegoen. "Ilusio kolektibo bat izan da". Haien lanaren ondorioak ere goraipatu ditu: "Ezin ukatu liteke, gaur, 40 urte beranduago, Andraize errealitate eztabaidaezina dela. Modu atseginean eta eraginkorrean artatzen du, erabiltzaileen beharretara egokituz. Emakume eta gizon askok sexualitate alaia bizitzeko aukera izan dute horri esker, eta gai asko mahai gainean jarri dira tabu izateari utziz". Udalak saria emateagatik "adoretsu" jokatzea ere eskertu du.
Iraganeko mamuak
Ekitaldia egin den bitartean, 50 lagun inguruk elkarretaratzea egin dute Udaletxe plazan, saria hiru lagun horiei ematearen kontra. "Tristea da oraindik ere lintxatze horren oihartzunak –txikiak badira ere– aditzea, baina gizartearen zati oso txiki baten ordezkari dira", esan du Asironek. Ekitaldian ez dira UPNko ordezkariak izan, ez zirelako ados saria ginekologoei ematearekin. Hala ere, normaltasun osoz egin dute ekitaldi osoa.
Ikusminez hurbildu diren turistak alde batera utzita, 40 lagun inguru izan dira soilik protesta egitera bildu direnak. / Iker Tubia
Iruñeko hiru burguen batasuna gogoratzeko eguna da biharkoa, Batasunaren Pribilegioa, eta egun horren karietara banatu dute gaur Iruñeko zapia. Hirugarren urtea da udalak sari hori ematen duela. Aurretik Paulina Fernandez Mañueta txurro dendako jabeak eta Javier Pagola kazetariak jaso dute zapia.