Santiago eguna ospatuko dute Gasteizen bihar, eta, urtero legez, uztailaren 25an baratxuri kordez beteko da hiriburua, San Frantzisko aldapan jarriko diren postuekin. Andre Mari Zuriaren jaien atariko festa eguna ospatuko dute astelehenean gasteiztarrek, eta, baratxuri kordez gain, hainbat ekitaldi prestatu dituzte.
Urtero, Santiago bezperan, Joselu Anaiak taldeak kontzertuaeskaintzen du. Joan den urtean, udalak aurrekontuari ezarritako murrizketak zirela eta, kontzertua bertan behera utzi zuten. Aurten,ordea, 94.000 euroko kopurua erdietsi dute, iaz baino %15 gehiago. Horri esker, Araiako taldearen musikaz gozatuko dute gasteiztarrek gaur. Asto gaineko lasterketa jokatuko ote zen zalantza izan zen iaz, baina azken uneko dohaintza bati esker aurrera atera ahal izan zuten. Bihar ere jokatuko da.
Bestalde, Santiago egunez egiten den ganadu azokak 40 nekazari eta 80 abelburu bilduko ditu. Makineria zahar eta modernoaren erakusketa,dastamenerako laborategia, eta ikerketarako zein haurrentzako txoko bana ere izango dira unibertsitate inguruan jarriko duten azokan. Aurtengoan, parte hartzen duten ekoizle arabarrak sarituko dituzte. Horretarako, sari bereziak prestatu dituzte.
Ezinbesteko osagaia
Santiago egunean protagonistarik badago, horiek Blusak eta Neskak dira. Guztiak ordezkatzen dituen Blusen eta Nesken Batzordean bilduta daude. Gasteizko festetako ezinbesteko osagai bihurtu dira, eta biharko Blusa eta Nesken eguneko festan, abuztuaren 5ean hasiko diren Gasteizko jaiei azken ukituak emateko atzerako kontua hasi ohi dute. Besteak beste, txarangak, Mendizabalako barrakak eta festetako ekitaldiak guztiz prest daude dagoeneko,San Migelgo balkoitik Zeledon jaisten ikusteko hamar egun falta diren arren.
Santiago egunaren egitarauari hasiera emango dio Manuel Iradier Koralak. Goizeko zortzietan hasiko da kontzertua, Andre Mari Zuriaren plazan. Ondoren, leku berberean, asto txapelketariekingo diote blusek eta neskek, 10:00etan. Ohiko lasterketa horrekin batera, bola txapelketa jokatuko da Gamarrako parkean. Bolen ordez, tiroa praktikatu nahi dutenek, berriz, Ibaiako tiro zelaira hurbiltzeko aukera daukate. Andre Mari Zuriaren Tiro Txapelketa jokatuko da han, 11:00etatik aurrera.
Eguerdi aldera, herri kirolen txanda izango da, Foruen plazan.Ordubete geroago, atsedena hartzeko beta izango da, Florida parkeko kontzertuarekin, hain zuzen. Blusa batek zuzendurik, Udal Musika Bandak kioskoan joko du.
Arratsalde partean, zezenetarako joan-etorria egingo dute Blusek eta Neskek. Han, Pablo H. de Mendoza, Morante de la Puebla eta Alejandro Talavante toreatzaileak arituko dira arratsaldeko seietatik aurrera. Pilota partidak ere ordu horretan hasiko dira.
Andre Mari Zuriaren festen egitarauari begira, joan den urtean egon ziren antzeko ekintzak izango dira. Nobedadeen artean, Zoroak kuadrillak antolaturiko Photocall-a, eta Desiguales kuadrillak prestaturiko Desolinpiadak daude, abuztuaren 4an. Kontzertuen artean, Ken Zazpi eta Maldita Nerea taldeek eskainiko dituzte emanaldiak, besteak beste.
Jaiak. Santiago eguna Gasteizen
Andre Mari Zuriaren festetarako atzerako kontua
Santiago eguna ospatuko dute bihar Gasteizen, Andre Mari Zuriaren jaietarako motorrak berotzen hasteko egunaJoselu Anaiak taldearen bezperako berbena berreskuratu dute Blusek eta Neskek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu