Historia luzea duen azoka bat da Zornotzakoa, eta urteekin bat aldatuz joan dira bai azoka, baita azokaren helburuak ere. Zornotzako Udalak antolatzen du, eta bertako emakume baserritarrak ezagutzeko eta sustatzeko helburuz sortu zela kontatu du udaleko Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotzi Ainhoa Salterainek: «Hasieran, lehen helburua Zornotzako emakume baserritarrak ezagutaraztea zen». Beste helburu bat ere bazuen azokak bere sorreran: «Emakumeak izatea ustiategien jabe edo titularrak». Pixkanaka, azoka aldatuz joan zen, eta artilearekin lan egiten zuten Zornotzako emakume artisauak ere parte hartzen hasi ziren.
Zornotzatik landa
Beste aldaketa bat: azokarekin hasi zirenean, emakume zornotzarrek bakarrik parte hartzen zuten; gaur egun, ordea, Euskal Herri osoko emakumeek parte har dezakete. Salterainen hitzetan, ez dago «nahikoa» zornotzarrik azokan parte hartzeko; beraz, kanpokoei ere lekuaegiten diete. Azokan postua paratu ahal izateko, emakumea izateaz gain, jardueraren titularra emakumea izatea ere beharrezkoa da. Azokaren bereizgarria hori dela azpimarratu du Salterainek.
Parte hartzaileez gain, azokaren helburua ere aldatuz joan da urteen poderioz: «Gaur egun, emakume euskaldunak, artisauak eta baserritarrak omentzea da helburua». Denetariko produktuak erosteko eta dastatzeko aukera izanen da azokan, bai produktu gastronomikoak, baita eskulangileen produktuak ere. Hala, esnekiak, kontserbak, sagardoa eta txakolina, haragikia, gozogintza eta barazkiak erosteko aukera izanen da, baita egurrez eta zeramikaz egindako artelanak, zilarrezko bitxiak eta loreak ere. Salterainek kontatu duenez, espezializazio bakoitzeko bi saltoki egonen dira.
Emakume nekazari eta artisauen azokarekin batera, beste jarduera batzuk ere izanen dira: eguerdian, Ane Gebara ipuin kontalaria ariko da udal liburutegian; eta 20:15ean, Elisa y Marcela antzezlana emango du A Panadaria konpainiak, Zornotza aretoan. Bihar elkarretaratzea eginen dute herriko plazan.
Emakume nekazari eta artisauen azoka
Gaur, 10:00etan hasita, Zornotzako Zelaieta parkean (Bizkaia).