Antxeta irratiak aurkeztutako Euskal irrati lokalak sakelakoan proiektuak irabazi du BerriaBfundazioaren aurreneko Berria beka. Epaimahaiak erabakia hartzeko ondorengo ezaugarriak kontuan hartu ditu: egoera zailean lanean ari diren euskarazko irratien sektorea indartzeko egiten duen apustua; sakelako telefonoetan euskarazko irratiak entzuteko aplikazioa eginez irratia hedabide tradizional bat teknologia berriekin lotu eta modernizatzeko ematen duen aukera; euskarazko edozein irrati Euskal Herriko eta mundu zabaleko edozein txokotan entzuteko ematen duen aukera; indarrak bildu eta sinergiarako egiten duen ahalegina, lurralde osoko hainbat irrati aplikazio baten barruan eskaintzeko egiten den planteamenduarekin; eta, era berean, egin den inbertsioa gainerako irratien eskura ere jartzeko dagoen borondatea, aplikazioa eskuragarri izango baita gainerako irratiek erabil dezaten.
Hamar proiektu aurkeztu dira beka eskaria egiteko. Eta erabakia hartu duen epaimahaia honako hauek osatu dute: Nagore Amondarain, Josu Amezaga, Andres Gostin, Joanmari Larrarte, Ana Ollo eta Martxelo Otamendik. Aurkeztutako proiektu irabazleak 6.000 euroko laguntza eskaera egin du, eta diru gehiago aurreikusi zen bekarako. Hartara, epaimahaiak Berria fundazioari beste 6.000 euro banatzea proposatu dio, aurkeztu diren beste bi proiektu laguntzeko. Nafarroako Aezkoa eskualdeko Irati irratiari eta Arabako Lautadako Txindurri irratiari laguntza emango die fundazioak; bakoitzari 3.000 eurokoa, hain zuzen.
«Eragina nazio mailan»
Hiru arrazoi azaldu ditu epaimahaiak Bidasoa-Txingudi eskualdeko Antxeta irratia saritzeaz gain beste bi proiektu txiki horiei laguntza emateko: batetik, onartutako proiektuak diru behar txikiagoa aurkeztu du; bestetik, irratigintzari lotutako proiektu bat lagunduko da, eragina nazio mailan izango duena; eta horrekin batera interesgarri ikusi da erdararen presentzia handia den inguruetan jarri nahi diren bi irrati horiek ere kontuan hartzea, kontuan hartuz izan dezakeen eragina eta proiektuek dituzten zailtasun logikoak egoera soziolinguistikoagatik; hirugarren arrazoia da nolabaiteko osotasuna hartzen duela bekaren planteamenduak, irratigintza modernizatzeko eta euskarazko irratiak zabaltzeko egiten den ahaleginarekin.
Antxetak irabazi du Berria beka, sakelakoan irratia jasotzeko lanarekin
BerriaBfundazioak beste bi proiekturi ere emango die laguntza: Irati irratiari eta Txindurri irratiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu