Antzerki topagunea Usurbilen

Besteak beste, Dejabu Panpin Laborategiak parte hartuko du, eta 'Gure bide galduak' ikuskizuna emango du

Dejabu Panpin Laborategia taldeak Gure bide galduak obra aurkeztu zuen iaz Donostian. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Antzerki taldeak berriro bilduko dira Usurbilen (Gipuzkoa), VI. Topa Eszenika euskarazko antzerki esperimentaleko tailer eta ikuskizunen topagunean. Tailer eta ikastaroez gain, hainbat ikuskizun emango dituzte herritarrak antzerkiaz goza daitezen. Topagunea irailaren 29an hasiko da.

Dejabu Panpin Laborategia taldeak Gure bide galduak lana antzeztuko du Sutegi aretoan, Franco diktadorearen heriotzaren osteko istorio bat. Aldatzen Laguntzen taldeak, berriz, Ispiluak ikuskizuna emango du. Usurbilgo pilotalekuan ere, hainbat emanaldi izango dira. Esate baterako, Malas Compañias taldeak Orsai antzezlana emango du, eta Markeliñek, Terapia? obra. Hori desleialtasunaz mintzatuko da, Henrik Ibsenen Panpinen etxea obra oinarri hartuta.

Bestalde, hainbat ikastaro eskainiko ditu topaketak. Galder Perez aktoreak Idazketa I ikastaroa zuzenduko du, eta gidoi idazketan lehen pausoak emateko argibideak irakatsiko ditu: «Muralaren ekintzan oinarrituko gara idazketan abiatzeko. Hala, ikastaroko parte hartzaileek testuak sortuko dituzte».

Horrekin batera, May Gorostiaga antzerkilariak Gure Klown-a ezagutzen tailerra eskainiko du. Bertaratutakoek pailazoen mundua eta inprobisazioa landuko dituzte.

VI. TOPA ESZENIKA

Noiz. Irailaren 29an.

Non. Usurbilen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.