Sebastian Marcelo Guz argentinarrak urteak daramatza umoreari, zirkuari eta ariketa fisikoari emanak. Niño Costrini da haren izen artistikoa, eta emanaldiak egiten ditu antzokietan nahiz kalean. Amurrioko Larrinaga kalean izango da gaur, Humanus Comicus antzezlana aurkezten, 19:00etan.
Umorea gizakiak duen armarik eraginkorrenetako bat dela sinetsita, Costrinik umorea eta zirkua nahasten ditu bere emanaldietan. Humanus Comicus lanean, haren bufoi izaerak biltzen dira, marrazki bizidunetako pertsonaiekin nahasturik. Publikoak gertutik ikusten ditu haien erokeriak, eta maiz parte hartzeko aukera izaten dute. Irudimenez eta sorkuntzaz beteriko ikuskizun dibertigarri eta terapeutikoa da; barre eginarazteaz gain, hausnarketarako tartea ere uzten du Costrinik. Probokatzaile fina da, eta ironia eta sarkasmoaren bitartez adierazten ditu bere ideiak. Ume handi hori «eskizofrenikoa, bitxia, zentzugabea, bihurria eta zoroa» da aldi berean. Osagai horiekin guztiekin nahasketa lehergarria egiten du, eta sari ugari jaso ditu jadanik: 2007an, Daidogeiko (Japonia) Mundu Lehiaketako lehen saria; 2004an, Festiclowneko lehen saria, eta 2003an, Valladolideko (Espainia) Jaialdiko lehen saria, besteak beste.
'HUMANUS COMICUS'
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Larrinagan (Amurrio, Araba).
Antzerkia Amurrioko kaleetan
Niño Costrinik 'Humanus comicus' antzerkia eskainiko du gaur, 19:00etan, Amurrioko kaleetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu