Ferran Gonzalez. Aktorea

«Antzezlaneko posturak oso deserosoak dira; ez dut uste edonork egin ditzakeenik»

Oheratzen ari direla, itsatsita geratuko dira 'Pegados' obrako aktoreak. Komedia bat da, eta indarrez zapaldu du musikalen mundua. Hilaren 28ra arte, Bilboko Campos Eliseos antzokian ikusi ahal izango da.

KAKTUS MUSIC.
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Antzerki munduan urte asko daraman aktorea da Ferran Gonzalez (Bartzelona, 1980). Bilbon da egunotan, azkenaldiko musikalik eroena eskaintzeko: Pegados.

Ordu eta erdi itsatsita. Zelako panorama...

Bai. Surrealista dirudi, baina egia da. Honela hasten da obra: dantzaleku bateko komunetan sexu harremanak izaten hasi, eta konturatu gabe itsatsirik geratzen dira protagonistak.

Arrotzegia ote zaigu gaia euskaldunoi, topikoak ezagututa?

Kar, kar. Ez dut uste. 200 emanaldi baino gehiago eman ditugu, eta oso harrera ona izan dugu beti. Ostegunetik gaude Bilbon, eta oraingoz ez dut ezer arrarorik sumatu. Gainera, Xeniak [Reguant, protagonista] eta biok egiten ditugun posturak oso deserosoak dira. Ez dut uste edonork egingo zituenik.

Nekagarria dirudi, behintzat.

Nekagarria da, bai; gainera, abesten. Baina, tira, hainbeste emanaldiren ostean, ohitzea lortu dugu.

Pasioa kontu itsaskorra al da?

Obraren hasieran ez dago pasiorik. Pertsonaiek sexu hutsa izan nahi dute, inolako maitasunik gabe. Pasioa egonez gero, denborarekin sortuko zaie. Eta behin askatuta, noski.

Nola bururatu zitzaizuen halako gaia?

Pegados antzezlaneko pertsonaiei gertaturikoa, egia ez bada ere, egiazko kasu bati esker bururatu zitzaigun. Egunkari batean irakurri genuen nonbait gertatu zela, eta oso ideia ona iruditu zitzaigun musikal baterako. Lanari ekin genion, etaabestiak eta gidoia sortzeko prozesua hasi zen.

Lortutako emaitza komikoa baino musikalagoa da, ala alderantziz?

Antzezlana komedia den arren, istorioa kontatzeko bidea musika da. Baina dena lotuta dago, eta abestiak obraren alor komikoa indartzeko sortu dira. Ez da musikal klasiko bat, inola ere ez.

Gainera, oso baliabide gutxirekin atera duzue aurrera Pegados, ezta?

Musikal klasikoen defentsa sutsua egiten dugu, ez delako behar sekulako ikuskizuna jendearengana iritsi eta lan txukuna egiteko. Pianoa eta eskuohe bat, ez dago besterik.

Diozunaz gain, badu bestelako desberdintasunik egungo musikal batekin alderatuz gero?

Ez garela bat batean Mamma mia abesten hasiko. Pertsonaiak sartu eta irten egiten dira obratik. Bat-batean abesten hasi beharrean, ikusleari jakinarazten diogu, baina kontaketa lerroa eten gabe. Pertsonaia batek esan beharrekoa abestua entzun nahi duten ala ez galdetzen diogu.

Ikusleekin jolastea gustuko duzue. Morboa erabiltzen duzue horretarako?

Bai, baina ez pentsa hainbesterainokoa denik. Hasieran oso irudi basatiak sortzen ditugu, eta sexuari buruz hitz egiten dugu. Baina aurrera joan ahala, komediak morboa gainditu, eta obraren alor sexualak garrantzia galtzen du.

Nola erantzun ohi du ikusleak?

Oso ongi. Jendeari asko gustatu zaio Pegados. Baita musikalak atsegin ez dituen ikusleari ere; gugana etorri, eta zorionak eman dizkigute askok.

Sari garrantzitsuak ere irabazi dituzue. Hiru Butaca sari, bi Max sari, hamar izendapen baino gehiago...

Asko eskertzen dugu eman diguten sari bakoitza. Normalean ez dituzte gurearen moduko antzezlan txikiak saritzen, eta alde horretatik harriturik gaude. Ildo berean lanean jarraitzeko indarra ematen digute. Eta zer demontre, lan asko egin dugu, eta merezi genituen! Kar, kar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.