Apetak

santi leone
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Nonbait irakurria dut Kafkaren mundua Itun Zaharrekoa dela, baina Jainkorik gabe.

Har dezagun, adibidez, Job sainduaren bizitza. Jainkoak, Jobek benetan maite ote duen jakite aldera, desgrazia handienak sufriaraziko dizkio: emaztea eta seme-alabak hilen dizkio, eritasun larriak igorriko dizkio eta ondasun guziak galaraziko. Jobek, hala ere, tinko eutsiko dio bere fedeari, gertatzen ari zaionak beretako zentzurik ez duen arren, badakielako munduan gertatzen den guziak esanahia duela Jainkoaren baitan.

Kafkaren istorioetako pertsonaiek ere, inolako arrazoirik gabe, mota guzietako egoera latzak bizi beharko dituzte, baina haren liburuetan ez da logika oker eta maltzurreko gertaera horiei zentzua emanen liokeen izaki transzendentalik. Ez da eutsi beharreko federik. Munduan gertatzen den guziak ez du inoren baitan zentzurik. Mundua absurdoa da, eta kito.

Bai Kafkak, bai Itun Zaharrak erakusten diguten ikuspegia iluna eta krudela da. Ez batean, ez bertzean ez da pertsonaien ekintzen eta hauek jasaten dituzten ondorioen arteko harreman kausalik. Ez dute ereindakoa biltzen. Gauzak gertatu egiten zaizkie, aldez aurretik gauza horiek gerta dakizkien deus ere egin ez badute ere. Bada, hala ere, bien artean diferentzia. Kafkak argi eta garbi umezurtz gaudela erraten digu; Bibliak, ordea, gonbidatzen gaitu Jainkoa maitatzera eta, aldi berean, Jainko gupidagabe horren apeta krudelen panpinak bertzerik ez garela onartzera.

Bi ikuspegietan, niri Kafkarena iduritzen zait alaiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.