Telefono eta tabletarako aplikazio berri bat garatu du BERRIAk, edonoiz eta edonon informazioarekiko hariari helduta egoteko. Aplikazio berri honekin, informatuta egoteko telefonoak bereganatu duen garrantziaren erronkari erantzun nahi izan dio BERRIAk, orain arteko eskaintza osatuz.
BERRIA aplikazioak erreferentziala izan nahi du euskarazko informazioaren munduan. Nazioarteko hedabideen pareko eskaintza teknologikoa jarri du euskaldunon eskura, euskaraz ongi informatuta egotea erraza eta erosoa izan dadin. BERRIAren eskaintza informatibo osoa bideratzen du aplikazio berriak, era moderno, aurreratu, erabilgarri eta erakargarri batez.
Telefonoan pentsatutako, diseinatutako eta era natiboan garatutako aplikazio bat denez, irakurlearen erabiltze esperentzia oso atsegina da.
Bi sistema operatibo nagusitan, Android eta iOSen, garatuta dago, eta eskuragarri dago Google Play eta Apple Store dendetan. iOSen kasuan, aplikazio berriak 2013tik dagoena ordezkatuko du, eta bertsio zaharra instalatuta daukaten erabiltzaileek eguneratu baino ez dute egin beharko aplikazio berriaz gozatzeko. Aplikazio hau bizia izango da, denborarekin doituz eta osatuz joango delako.
Beti harian
Informazioaren alorrean, azkar jakiteak balio handia du. Horregatik, BERRIA aplikazioak push jakinarazpenak edo alertak eskaintzen ditu, irakurleak gertaera garrantzitsuen berri azkar eta era erosoan izan dezan. Mota honetako alertak jasotzeko erabiltzaileak baimendu behar ditu, eta edozein unetan ezgaitu ditzake edo berriro gaitu. Alerten zerbitzu hau, funtsean, gertaera garrantzitsuen berri ematera bideratuta dago, beraz, neurtua eta zaindua izango da, erabiltzailea alferrik nekatu gabe. Adibidez, igandeko hauteskundeetako boto zenbaketaren emaitza esanguratsuen berri emateko erabiliko da. Halaber, BERRIA aplikazioak aukera emango du grafikoen bidez boto zenbaketa jarraitzeko eta behin betiko emaitzak kontsultatzeko.
Aplikazioaren egitura sinplea da, BERRIAk sortzen dituen eduki guztiak era erraz batean erabiltzailearen esku jartzeko asmoz. Horretarako, hasierako pantailak eguneko edukien sintesi bat eskaintzen du (albiste garrantzitsuak eta atal bakoitzeko aukeraketa). Gainerako edukiak eskuratzeko bi menu diseinatu dira: batetik, menu nagusia eduki informatiboetarako, eta, bestetik, bigarren menua, BERRIAren komunitatearekin lotutako ataletarako. Menu informatiboan edukiak ohiko sailetan (Politika, Gizartea, Ekonomia, Iritzia...) antolatzen dira, baina bi atal berri gehitu dira edukiak beste ikuspegi batetik ikusteko. Alde batetik, Gehien irakurriak atalean, azken orduetan gehien irakurri diren 20 artikuluak bistaratzen dira. Bestetik, Berrienak atalean, argitaratzeko dataren arabera antolatutako artikuluak erakusten dira.