Gasteizko hiriak beste balio bat erantsi dio, dagoeneko, aski errekonozitutako Alde Zaharrari. Izan ere, hiru Europa Nostra sarik eta 1997ko Monumentu Multzo izendapenak —guztiak Alde Zaharreko eraikin enblematikoen zaharberritze eta berreskuratze lanengatik— sobera bermatzen dute dagoeneko hainbat eleberritan agertoki gisa erabili den hirigune historiko hori.
Orain, Gasteizera iristen denak, bisita gidatu eta bisita antzeztuez gain, beste aukera bat izango du bertako historiaz jabetzeko. Aste honetan San Migelgo balkoian kokatu diren hiru panel informatibok Alde Zaharreko jauregi errenazentistei buruzko informazioa eskaintzen dute. Bisitariak, jauregiari buruzko ezaugarriak ezagutzeaz gain, haren historiaz jabetzeko aukera izango du; testuz eta argazkiz hornitutako panelak hil bukaera arte egongo dira kale erakusketan. Kordoi Etxeko ganga izartua Felipe Ederrak ezagutu zuen bezala ikusteko aukera izango dute bisitariek. Ate nagusiaz gain, bisitaldi berezietan haren jabe Pedro Sanchez de Bilbaok eraikitzeko agindu zuen ate ñimiñoa ikusiko dute, erdeinuz «judu» deitzen zioten nobleek haren aurrean burua makurtu zezaten.
Eta Montehermoso jauregia, Espainiako erregeen lo lekua zena Gasteiztik igarotzen ziren bakoitzean. Jauregi horri atxikirik uren biltegia dago, egun, erakusketa areto moduan erabiltzen dena. Goiuri jauregia, bere egituran harresi zaharraren zatiak mantentzen dituena, Andatarren dorrea eta beste hainbat.
Hala ere, erakusketaren helburua ez da turistikoa soilik. Hala adierazi du Gonzalo Arroitak, Aricheko Gasteizko Hirigune Historikoa Lehengoratzeko Agentziako zuzendari eta erakusketaren antolatzaileak: «Egiazki, erakusketaren arrazoia historikoa eta kulturala ere bada, hemen daukagun ondare kultural izugarria ezagutaraztea».
Jauregiei ematen ari zaizkien erabilera ezberdinak ere erakutsi nahi dituzte egitasmo honekin: «Etxe horiei erabilera bat ematen ari zaiela ere erakutsi nahi dugu», adierazi du Arroitak.
Eskoriatza-Eskibel jauregia, berriz, berritze lanetan murgilduta dago. Gasteizko errenazimenduko harribitxi kontsideratzen da, eta, beraz, erakusketak etxeari buruzko informazioa biltzen du, baina eraikina berregituratzea ezinbestekoa da. «Aste Santuan ireki genuen jauregia erakusketa baten bidez, baina obra hauek premiazkoak ziren, egitura kalte oso handiak baitzeuden», azaldu du Arroitak.
Erakusketa honekin batera, Santa Maria katedrala lehengoratzeko lanak erakusten dituzten bisiten helburua ere bada lan eta erabilera berri hauek herritarrari nolakoak diren eta nola gauzatzen ari diren erakustea, herria proiektu horien partaide bihurtzeko.
Arabako historia jauregien bidez deskubritzeko parada
Pizkunde garaiko jauregiei buruzko panel informatiboak jarri dituzte Gasteizko balkonadan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu