Jaietako ezagun zaharrak dira buruhandi eta erraldoiak. 1643. urtetik erraldoien lekukotasunak daude Gasteizko Udaleko agirietan, eta orduko indarrarekin jarraitzen dute hiriguneko kaleetan dantzan. Mendeetako historia izan arren, egungo doinuekin dantza egiten duten erraldoi eta buruhandien jaiotza XX. mende hasieran gertatu zen.
Hiriko zenbait eragileren arteko eztabaida baten ondorioz erosi zituen udalak lehen erraldoi eta buruhandiak, 1917. urtean, Jose Maria Sedano kazetariak Vitorianos de cartón (kartoizko gasteiztarrak) liburuan gogorarazten duenez. Lau erraldoi eta lau buruhandik osatu zuten Gasteizko lehen konpartsa, eta, neurri batean, garai bateko Arabako ohiturak eta arabar ezagunen izenak gogorarazteko erabili ziren.
Erraldoiek Aramaio eta Arabako Mendialdeko bi bikote irudikatu zituzten. Erraldoietako bi Madrilen egin ziren, baina Gasteizen bertan jantzi zituzten, orduko ohiturak hobeto irudikatu ahal izateko. Buruhandien kasuan, Arabako pertsona ezagunak irudikatzeko erabakia hartu zuen udalak, eta zerrenda luze batetik lau aukeratu zituen: Zeledon, Gasteizko margolaria, Cachan eta Escachapobres.
Beldurtzen lehenak
Bete-betean asmatu zuen udalak, orduko izen horiek gaur egunera arte iraun baitute, haien historia denboran mantenduz. Zeledon eta Gasteizko margolariaren izenaren zergatia azaldu beharrik ez dago. Cachan eta Escachapobresen historia ez da horren ezaguna, ordea. Lehena gaur egungo Independentzia kalean bizi zen ortuzain bat zen. «Zaharra eta ez behar bezain garbia» hitzekin deskribatzen du Sedanok liburuan; sorbaldan beti zaku bat ei zeraman, eta hori baliatzen zuten gurasoek haurrak ikaratzeko. «Cachan badator, zakuan sartuko zaitu».
Escachapobres, berriz, udaleko funtzionario bati ematen zitzaion izena zen. Beltzez jantzita zihoan, kapela luzea buruan eta bastoia eskuan. Aguazil lana egiten zuen, eta baimendutako orduetatik kanpo kalean eskatzen zuten txiroak aterpetxera eramaten zituen, ziegan sartu eta bildutako dirua kendu ostean. XVIII. mendearen bukaeran pertsonaia hori bazegoela erakusten dute garai hartako agiriek, eta oso ezagunak omen ziren txiroekin kalean zituen liskarrak.
1917an sortu zen zortzi kideko familia horrek gasteiztarrak gozarazi zituen, eta, poliki-poliki, sendia handituz joan zen. 1923. urtean Gasteizko lehen Gargantua gehitu zitzaien. 3.815 pezeta ordaindu zituen udalak 1,90 metroko diametrodun txapela eta 616 kiloko pisua zuen panpina erraldoi berria eskuratzeko. Sei urte geroago, beste bi erraldoi eskuratu zituen udalak: Regüeveros direlakoak, Foru Batzarretako herrien ordezkariei ematen zitzaien izenaren omenez.
Gaur egun Gasteizen ezaguna den buruhandiaren jaiotza heltzear zegoen oraindik. 1917ko buruhandiak berritzeko, beste sei eskatu zituen udalak 1930an. Izenik ez zuten, baina Gasteizko haurrek gutxi batzuk bataiatu zituzten haien itxuran oinarrituta. Andereñoa, Negarti... eta Ojobiriki. Azken buruhandi hori izan da azken hamarkadetan txikienen artean ospe txarrena eskuratu duena, botxintxa leherrarazi arte jotzen zuelakoan.
Urteen poderioz, buruhandiak egiteko materialak hobetu ahala, garai bateko buruak berritu ziren. 1974. urtean Ojobirikiren belaunaldiko guztiak aldatu zituzten, eta 1985ean Escachapobresen garaikoekin gauza bera egin zuten. 1991n beste lau erraldoi heldu ziren, 1943. urtean Fournier karta enpresak egin zituenak gogoraraziz. XX. mendea bukatzear zela, beste zortzi kide heldu ziren taldera: lau txota eta lau zaldiko. XX. mende hasieran jaio ziren horiek ere Andre Mari Zuriaren jaietako kalejiraren gatza eta piperra dira gaur egun ere.
Arabako ohituren gordeleku
Gasteizko lehen konpartsa sortzean, mende hasierako usadioen erakusgarri gisa irudikatu zituzten erraldoiak, eta arabar ezagunen isla buruhandiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu