Ezarian. Olioa Euskal Herrian

Arabako olioa, leku bila

Arabako Errioxak 300 hektarea ditu olibondoetarako, eta handitzeko bidean da. Kalitate handiko jakia da.

Arabako olioa Gourmet Areto ezagunean parte hartzeko aukeratu berri dute. JUAN CARLOS RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Garia, mahatsa eta olibondoa izan dira mendeetan Arabako Errioxaren uzta nagusiak, XX. mende erdialdean, ekonomiak aginduta, mahastiek indarra berenganatu zuten arte. Arabako Errioxaren ekialdean biltzen ziren garai batean olibondo gehienak. 1960ko hamarkadan, 32.000 olibondo eta hiru olio errota geratu ziren bizirik; bat Oionen, bestea Moredan eta Lantziegon hirugarrena. Olibondoak berreskuratzeko, lan eskerga egin da azkeneko urteotan, eta apurka bada ere, gora egin du oliba olioaren ekoizpenak lurraldean.

Gaur egun, olibondo lursailak gero eta gehiago dira Arabako Errioxan. 300 hektarea olibondo daude, eta 2014a bitartean 500 hektarea egotea espero dute. Aurten, 400.000 kilo oliba ekoitzi dituzte, eta, horiei esker, «kalitate bikaineko» 80.0000 litro olio egin ahal izan dute, Alberto Aletxa Adora Arabako Errioxako Olibondo Elkarteko arduradunak jakinarazi duenez. Azkeneko hamar urteotan, esparrua berreskuratzeko asmoarekin lanean ari dira inguruko 150 nekazari inguru Adora elkartearen bidez.

Gaur egun, Arabako olioa zazpi markaren bitartez merkaturatzen du elkarteak, eta etorkizunari baikor begiratzen dioten arrenpausoak apurka ematea nahiago dutela dio Aletxak; «Ekoizpena handituz joan nahi dugu, eta, aurten, 100.000 litro baino gehiago lortzea espero dugu. Baina ekoizpena baino garrantzitsuagoa da olibondo zaharrak berreskuratzen ari garela».

Moreda, nagusi

Arabako Errioxan Moredak dauka landutako azalerarik handiena: 70 hektareatik gora. Atzetik doaz Lantziego eta Oion. Moredako oliba errota batean garai bateko lanabesak eta egungo teknologiak uztartzea lortu dute. La Equidad izena du errotak, eta, bertan, olioa lortzeko garai bateko sistema eta gaur egungoa ikus daitezke. Errota zaharretan bost lagun inguru behar ziren olibatik olioa ateratzeko prozesu osoa egiteko. Errota berrian, ostera, nahikoa da pertsona bakar bat, lan guztia mekanizatuta baitago. Garai bateko sistema erabiltzen zenean, luzea izaten zen prozesua: olibak garbitu, hostoak kendu eta tobera batean sartzen ziren. Handik errotara eraman, eta birrindu ondoren gelditzen zen orea irabiagailu batean sartzen zen; beroaren laguntzarekin, olio tantak sortzen ziren. Prentsan sartuta, olioa eta ura bereizi, eta olioa garbi zegoenean, bildu egiten zen.

Gaur egun, prozesua modu bertsuan egiten da, baina askoz ere azkarrago, erabat modernizatuta baitago Moredako errota. Duela bi urte erabaki zuten berritzea;prozesu guztiak askoz gutxiago irauten duenez, olioaren kalitatea asko hobetu da. Kooperatiba moduan funtzionatzen du errota berriak, eta bertako kide da Aitor Marauri 33 urteko gaztea. Joan den urteaz geroztik, Rivo de Moreta izeneko olioa ekoizten du bertan, Iker Diaz de Ceriorekin batera. «Etxean bertan kalitate handiko olibak genituela ikusirik, probetxua atera behar geniela erabaki genuen». Pentsatu, eta egin. Bi hektarea olibondo dute egun Moredan, eta, iaz, 1.000 botila olio inguru merkaturatu zituzten. Lortutako arrakasta ikusirik, kopuru hori hirukoizteko helburua dute aurten: «Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu».

Batez ere Arabako eta Gipuzkoako azoketan saltzen dute olioa, baina baita hainbat saltoki txikitan ere. Hala ere, azoketan ibiltzea nahiago dutela aitortu du: «Eroslearekin harreman zuzenagoa izatea abantaila da, olioari buruzko xehetasunak azaldu ahal dizkiogulako». Aurten, erronka handiagoa jarri diete euren buruei: «Moreda Euskal Herriko mapan kokatu nahi dugu, eta gure olioa edozein denda eta jatetxe espezializatutan erabiltzea lortu nahi dugu». Arabako Errioxako olio ekoizpena txikia bada ere «kalitate handikoa» dela nabarmendu du Maraurik.

Arroniz mota

Arroniz aldaerarekin egindako olioa da Arabakoa, baita Nafarroako zati handi batekoa ere. Muturreko klimetara nahiko ongi moldatzen da oliba hori, eta, beraz, oso aproposa da Arabako Errioxan izan ohi diren izotzaldi nahiz beroaldietarako. Zaporeari dagokionez, berriz, ohiko olioek ez dituzten kalitateko berezitasunak ditu: «Ohiko olioek baino antioxidatzaile natural gehiago ditu; mingotsa da, eta landare usain puntu bat dauka», dio Adora elkarteko arduradunak. Ezaugarri berezi hori «dohaina» izatea nahi dute Adoran, kontsumitzailearentzat zapore «atsegina» izan dezan. «Indar handiko» olioa denez, neurriz erabiltzea gomendatzen du Aletxak: «Bereziki janari gordinekin erabiltzeko da aproposa, zaporea oso-osorik dastatzeko».

Berezitasun horiek guztiek zaporean ez ezik prezioan ere isla dute, eta gainerako olioak baino garestiagoa da Arabakoa. «Eguneroko sukaldean erabiltzea ez da errentagarria», azaldu du Maraurik. Alta, janari egokietan erabiliz gero,gozamenerako plazera dela uste du: «Ongi dastatzen ikasiz gero, olioaren ñabardura guztiak antzematea lortuko dugu, eta plateren arabera olio bat edo bestea erabiltzen jakingo dugu».

Arabako Errioxako olioa ez da oraindik toki askotan saltzen, baina poliki-poliki ari da lekua hartzen.Nazioartetik, behintzat, aitortzairitsi zaio, Lurzabal etiketarekin merkaturatzen den Arabako olioa Gourmet Aretoa azoka entzutetsuan parte hartzeko aukeratu berri dutelako. Olio birjina estra onenen artean hautatu dute Olivarama aldizkariak antolatzen duen oliotekan. Europako gastronomia azokarik garrantzitsuenetakoa da Gourmet Aretoa, eta Madrilen egingo dute, martxoaren 5etik 8ra. Aurrerantzean, gainera, Arabako Foru Aldundia Kalitate Labela ematen saiatuko da, eta izendapen hori «itxaropentsua» dela dio Aletxak, azken urteotan Araban oliba olioaren ekoizpenean egindako lan gogorra «saritzea» litzatekeelako.

Arabako olioa ezagutarazten jarraitzea da ekoizleen asmoa, eta, horretarako, azoka bat antolatu dute Moredan, martxoaren 24rako. Besteak beste, Arabako eskulangintza produktuen salmenta, olio errotarako bisita gidatuak, olio dastatzea eta argazki erakusketa egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.