Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Espainian baino gutxiago ikusi dira eztabaidak

Bigarren Zapatero-Raxoi aurrez aurrekoa 372.000 lagunek ikusi dute EAEn: %36,3ko kuota

Erredakzioa
2008ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Hogei puntu gutxiago izan dute Zapateroren etaRaxoiren aurrez aurreko eztabaidek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Espainian baino; Nafarroako daturik ez dago. Aurreneko eztabaidak hiru herrialdeetan %37,3ko pantaila kuota izan zuen, eta Espainian %59,1ekoa. Bigarren eztabaidan aldea berdintsua izan da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %36,3, eta Espainian, %56,3. Hiru euskal herrialdeetan 383.000 lagunekikusi zuten lehen saioa, eta 372.000k bigarrena.

Hamabost urte ziren Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan bi hautagai nagusien artean eztabaidarik ez zela. 1993. urtean Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznarren artean izan ziren eztabaideen datuei begiratuz gero, Espainian arreta parekoa izan dela ondoriozta daiteke; aurtengoek pantaila kuota apur bat txikiagoa izan dute, baina ikus-entzule gehiago. Hala, otsailaren 25eko Zapatero-Raxoi eztabaidak 13.043.000 ikus-entzule izan zituen, 1993an gehien ikusitakoak baino bi milioi eta erdi ikusle gehiago (ordu erditik gorako emanaldian inoiz ikusle gehien bildu duen saioa, 2002ko Eurovisioneko bozketen ostean). Herenegungo eztabaidak milioi bat ikus-entzule gutxiago izan ditu Espainian: 11.952.000. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, 2008ko eztabaidek askoz ikusle kuota txikiagoa izan dute 1993koek baino. Gonzalez-Aznar bigarren eztabaidak %65,4ko kuota izan zuen hiru herrialdeetan, eta horren erdira ez dira iritsi aurtengoak. Katalunian ere askoz ikus-entzule gutxiagoa izan dute Zapatero-Raxoi eztabaidek Gonzalez eta Aznarren artekoek baino (hogei puntu inguru). Galizian Katalunian eta EAEn baino datu altuagoak izan dituzte 2008ko eztabaidek, baina kontuan izan behar da TVG kate autonomikoakaurrez aurrekoa eman zuela. 1993ko eztabaiden oso pareko kuotak izan dituzte aurtengoek Galizian.

Bestetik, joan den astean ETBn hainbat hautagairekin egin ziren bi eztabaidek (otsailaren 27an biak) ez zuten ikusleen arreta handirik jaso: ETB1ekoa 32.000 lagunek ikusi zuten (%3,8), eta ETB2koa, 23.000 lagunek (%4,1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.